Bilduk aurkeztu du urgentziazko mozioa, baina EAJk proposatutako adierazpenak lortu du aldeko boto gehien.
Udalbatzarrean urgentziazko mozioa aurkeztu du Bilduk, zapatuan Euskararen Eguna ospatzen dela-eta. Hala ere, eguna beharrean euskararen urtea izatea gura dutela adierazi du Urdaspal Bolinagak eta, horregatik, udalak legegintzaldi honetarako konpromisoak hartzea eskatu du. "Herri-gogoa" indartzeko helburuaz gainera, "udalak bere zerbitzu eta funtzionamenduan euskararen erabilera indartzeko bere esku dagoen guztia egingo du", zioen Bilduren mozioak, besteak beste. Gainera, "zabaltzen ari den aro berriari" lotuta, "hizkuntz-gatazkari buruz berba egitea" beharrezko ikusten du Bilduk.
Aralarrek mozioaren alde egin du. Dani Maezturen ustez euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da, eta "ez dira euskal hiztunen eskubideak errespetatzen". "Konrpomisoak paperetik praktikara pasatzeko ordua" delako azaldu da ados Aralar, eta udal moduan, administrazioan eskubideak errespetatzeko egin beharko luketenez hausnartzea komeni da bere ustez.
PSE-EEk ez du mozioa babestu. Idoia Agorriaren iritziz batzordean landu beharko litzateke lehenago, eta gainera, "mozioa ez da adostasuna lortzeko, ez delako soilik euskararen aldekoa". Sozialistek euskararen aldeko konpromisoak hartuta dituztela esan du, eta akordioetara ailegatzea beharrezko dela azpimarratu du.
EAJk mozio alternatiboa proposatu du, adierazpen gisan. Goiztidi Diaz zinegotziak irakurri du testua, abenduaren 3a ospatzeko eguna dela seinalatuz, baina baita "herritarrok euskaragaz daukagun konpromisoa berrestekoa" ere. Bildu eta Aralar abstenitu egin dira, itxura baten ados egoteko gauzak ikusi ei dituzten arren, "denborarik ez dutelako eduki" testua ondo lantzeko. PSE-EEk babestu egin du, guztira aldeko 11 boto jasoz.
PP abstenitu egin da bi mozioetan, "beti elebitasunaren alde egon garelako", Juan Jose Gastañazatorreren berbetan.