Bizi esperientzietatik kontzientziazioa lortu guran antolatu dute Road Show izeneko ikuskizuna San Agustinen. Istripuetako biktimak artatzen dituzten profesionalak, istripuak bizi izandakoak eta biktimen gurasoak izan dira protagonista.
"Ez zuen istripua sortu gurako, baina horrela gertatzeko osagai guztiak ipini zituen".Semea trafiko istripuz hil zitzaion ama baten berbak dira. Kotxe batek harrapatu zuen. Gidariak 160 km orduko abiadura zeraman, eta alkoholemia proban positibo eman zuen. Istripuen ondorioez hausnartzeko eta sentsibilizatzeko Road Show izeneko ikuskizuna egon da San Agustinen, eta bertan, 17 urteko gazteek istripuen eraginak bizi izan dituzten pertsonen testigantzak entzun ahal izan dituzte.
Istorio eta irudi gogorrak izan dira San Agustineko protagonista. Guztiak benetazkoak. Oraindik karnetik eduki ez arren laster gidatuko dutela eta gidatzeak ematen duen askatasuna bizitzeko ilusioa edukiko dutela adierazi du Joseba suhiltzaileak, baina bere esperientzietatik abiatuta, istripuak izateko arriskuaz ohartarazi du. Istripuen osteko momentu gogorrenetako bat " bizirik daudenek euren familiakoa edo laguna hilda ikusten dutenean" izaten dela adierazi du.
Karmelo Durangoko udaltzainak istripu baten egindako beharra kontatu du, eta hildako baten berri familiari eman zioneko momentu gogorra nabarmendu du. DYAko langile bik adierazi dutenez, istripuetara ezer ez dela izango pentsatzen joaten dira. Zauritu larriak erreanimatzen saiatu eta ezin izan badute etxerakoan sentimendu garratza edukitzen dutela kontatu dute.
Istripu baten paraplejiko geratu zen Pilar duela 34 urte, eta berak ere bere kasua kontatu du Road Show-ean. Istripuko sentsazioa ondo gogoratzen du oraindik, eta bizitzako eskemak guztiz aldatu zitzaizkiola adierazi du: "17 urte nituen eta gogorra egiten zitzaidan gorputza kontrolatu ezina eta denerako laguntza behar izatea".
"Zaindu zuen bizitza"
Bideotan senitartekoak galdu dituztenen bizipenak ikusteko aukera eduki dute gazteek. Testigantza gogor eta hunkigarriak izan dira, eta guztien amaieran gazteei zuzendutako mezu zuzena: "disfrutatu, horretarako garaia duzue eta, baina zaindu eta maite ezazue zuen bizitza". Ausartak izan eta alkohola eta drogak hartuz gero ez gidatzeko, eta lagunei gidatzen ez uzteko eskatu diete gazteei: "ez duzue ezer demostratu beharrik".
Inpaktuzko irudiak gazteengan eragiteko erabili dituztela azaldu dute, eta Road Showaren helburua ez dela heriotzari buruzko mezu bat helaraztea; "bizitzari buruzko mezua" baizik.
Road Show-a antolatze lanetan ibili dira Trafpol Irsa elkartea –trafikoko poliziek osatzen dute–, Stop Accidentes, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Durangoko Udalaren laguntza dauka, besteak beste.