Artisautzako produktuak ez ezik,artisauen euren figura azpimarratu gura dute aurten. Horregatik lehenengoz hiru artisau ageri dira kartelean. Herrialde gonbidatua Galizia izango da.
16. Euskal Denda abenduaren 3tik 8ra antolatu du Arbaso elkarteak merkatu plazan. Guztira 50 artisau etorriko dira Durangora egun horietan eta gehienak Bizkaikoak dira: 27. Aurten artisauak, hau da, ofizio horiek ogibide dituzten lagunak dira karteleko protagonista: “Artisautzakoak ofizio bakartiak izaten dira. Normalean, artisauek ordu asko bakarrik ematen dituzte euren lantokian. Inspiraziorako ondo dator, baina gogorra ere bada une askotan. Horregatik, artisautza ogibide bihurtu duten horiei duten meritua eman gura diegu kartelagaz”, adierazi du Bernat Vidal Arbasoko lehendakariak. Hauxe da Euskal Denda iragartzeko kartelean pertsonak agertzen diren lehenengo aldia. Alex Gonzalez, buztinlaria, Amaia Conde egur lantzailea eta Igor Obeso beira lantzailea dira, hain zuzen, Nire tailerra, nire ogibidea, nire bizimodua izenagaz kartelean agertzen diren aurpegiak.
Euskal Liburu eta Disko Azokan Galizia da herrialde gonbidatu eta Euskal Dendak herrialde bera aukeratu du sarreran egon ohi den erakusketa-erakustaldia osatzeko. Sei artisau etorriko dira Galiziatik: Idoia Cuesta(akzetita irabazi du Artisautzako Sariketa Nazionalean, berrikuntzaren atalean), Rosa Mendez, Nebra Gaitas, Sirves, Santin eta Cerámica Unzueta.
Urtero legez, Euskal Dendako egunetan hainbat ekintza ludiko antolatuko dituzte. Horrela, bisitariek jolas eta lehiaketetan parte hartzeko aukera izango dute; gaztetxoentzako tailerrak ere antolatuko dituzte.
Artisauen eta bisitarien arteko komunikazioa garrantzitsua da Arbasorentzako eta, ohi moduan, bisitariek euren botoekin Euskal Dendako standik onena aukeratu ahal izango dute.
DATUAK
EGUNA: Abenduaren 3tik 8ra
ORDUA: Goizez: 11:00-14:30 / arratsaldez: 16:30-21:00
Larunbata: 19:00 arte
Eguena: 20:00 arte.
PREZIOA: 1,20 euro
EUSKAL ARTISAUAK: 50
BIZKAIA: 27 (Durangaldetik: 7)
GIPUZKOA: 13
NAFARROA: 6
ARABA: 2
LAPURDI: 1
NAFARROA BEHERA: 1
Durangaldeko artisauak: Restaurarte, Nekane Aira bitxigintza, Juan Unzueta saskigintza, Eneko Unzalu bitxigintza, Bernat Vidal hargintza eta Jaialdi jantzi tradizionalak. Gainera, aurten nobedade izango dira nekazaritzako elikagaien produktoreak.