2009tik hona lehenengoz %3ko igoera ordenantza fiskaletan

Anboto 2011ko aza. 29a, 10:28

Azken hiru urteetan ordenatza fiskalak bere horretan mantendu ondoren aurten %3ko igoera orokorra izango dute. EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten; Artalar eta PPk kontra eta Bildu abstenitu egin zen.

Azken hiru urteetan ordenatza fiskalak bere horretan mantendu ondoren aurten %3ko igoera orokorra izango dute. EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten; Artalar eta PPk kontra eta Bildu abstenitu egin zen.

 

KPIaren araberako %3ko igoera izango dute 2012ko ordenantza fiskalek. Urtero urtero “egoera ekonomiko gogorraren eta zerbitzuak mantentzearen arteko oreka bilatzen” saiatzen direla adierazi zuen Aitziber Irigoras alkateak.

 

PPk eta Bilduk osotasunezko zuzenketa bana aurkeztu zizkieten ordenantza fiskalei eta bozketan biak atzera bota zituen udalbatzarrak. Zuzenketa partzialei dagokionez Aralarrek 10, PPk 8, PSE-EEk 8 eta Bilduk 4 landu zituzten. Hala ere, PPk eta Bilduk zuzenketa horiek ez zituzten bozketara aurkeztu; Aralarrek landutakoetatik hiru aurkeztu eta bi onartu ziren; PSE-EEren zuzenketa denak, aldiz, aurrera irten ziren (sei batzordean onartu eta irispenari gehituta eta bi udalbatzarrean). Azkenean, ordenantza fiskalen proposamen osoa EAJren eta PSE-EEren bozkekin onartu zen; Aralarrek eta PPk kontra bozkatu zuten eta Bildu abstenitu egin zen.

 

Aralarrek ordenantza fiskalen igoera defendatu zuen: “ Ordenantzak igo ez eta zerbitzuak publikoak mantendu gura badira aurrekontuetan horretara bideratu beharko da dirua eta beste proiektu batzuetan inbertitzeko diru gutxiago egongo da”, Dani Maezturen berbetan. Ordenantzak lantzeko aurreko urteetan baino denbora gutxiago egon izana ere kritikatu zuen “astebete eskas”, salatu zuenez.

 

Aralarrek aurkeztutako zuzeneketetatik bi onartu onartu ziren. Horietako batek, tasen ordainketa zatikatua ahalbidetuko du, interesik kobratu barik. Ordainketa mota hori ezingo zaie tasa denei aplikatu, arau foralen lege batek zehazten dituenetara baizik, udalbatzarra bertatik bertatik jarraitu zuen Udaleko kontu-hartzaileak jakinarazi zuenez. Bigarren zuzenketaren bidez mugikorren telefonia konpainiei lurzoru publikoaren aprobetxamenduagatik tasa bat ezarriko zaie. Hirugarren proposamena ez zen onartu; hutsik dauden etxebizitzei zerga berri bat ezartzea proposatzen zuen: “Durangon etxeak egiteko lurrak amaitzen ari dira eta etxe hutsen gaineko politikak landu behar lirateke”.

 

 

PPk osotasunezko zuzenketa defendatu zuen. Juan Jose Gastanazatorreren ustez, “ez da sasoirik egokiena presio fiskala handitzeko, Durangon ia 1.500 lagun lan barik daudenean eta negozioak ixten ari direnean”. Berak ordezkatzen duen alderdiak “enplegua berpiztera” zuzendutako bonifikazioak aurkeztu zituela adierazi zuen. Arau fiskala izozteak zerbitzu publikoaren kalitateari “ez ziola zertan eragin” azaldu zuen eta aurrekontuetan “azaleko gastuak kentzearen” aldeko formula defendatu zuen.

 

Bilduk ordenantza fiskalak eta aurrekontuak batera lantu behar direla azaldu zuen, nahiz gero bana bozkatu: “Proiektuen araberako sarrerak izan behar lituzke udalak, proiektu horiek identifikatu, ponderatu eta apustuen araberako lanketa egin”, Eider Uribe zinegotziaren arabera: “Eta hori guztia ez urte baterako ikuspuntuagaz bakarrik, hurrengo urteetarako ditugun proiektuei begira ere bai. Hori modu eraginkorrean egiteko modu bakarra lanketa bateratua da”.

 

Ondoren, parte hartzearen inguruko gogoeta mahaigaineratu zuen. Bilduren ustez, “Herritarrei galdetu eta herritarren parte hartzearen ondoren zehaztu behar lirateke ordenantza fiskalak zein aurrekontuak”. Otxandioko eta Igorreko kasuak ipini zituzten adibide moduan eta udal haietan aurrekontu parte hartzaileak “apustu estrategiko moduan” hartzen dituztela esan zuen. Azkenik, bide horretan, hau da, herritarrak ordenantzetan zein aurrekontuetan inplikatzeko ahalegina eskatu zuen “eurak baitira etorkizunaren motore”.

 

 

PSE-EEk aurkeztu eta onartutako zuzenketa baten ondorioz, enplegu  barik daudenek hilean euro bat ordainduko dute zabor eta estolderia tasetan, arlo horretan proposatutako %50eko bonifikazioa onartu baitzuen udalbatzarrak: “Garrantzitsua da gogoratzea enplegurik ez dutenek euren egoera akreditatu beharko dutela laguntza jasotzeko”, Pilar Rios zinegotziak azaldu zuenez. Gainera, zabor eta estolderia tasa izoztuta geratuko da komertzio eta hostalarientzat.

 

Horrez gainera, herentzia zuzeneko transmisioen eta titulartasuna aldatzeko lizentzien plusbalia zergaren %100eko bonifikazioa proposatu zuen PSE-EEk eta onartu zuen udalbatzarrak: “Oro har, Durango zerbitzuen herria da eta komertzio familiarren jarraikortasuna bultzatzea beharrezkoa da”. Azkenik, banketxeetako kutxazain automatikoek lurzoru publikoa okupatzeagatik duten tasa gehitzea ere lortu zuten. Riosek argitu zuenez Bilduk landu eta ondoren erretiratutako zuzenketa bat zen hori.

P

Pk EAJren proposamena “populista”  zela kritikatu ondoren, EAJko Goiztidi Diazek azaldu zuen “PP igoeren kontra agertzea Durangon ematen” dela, zeren beste herri askotan igoerak onartu dituzte”. Bilduk aurrekontuak eta ordenantzak batera lantzeko proposamenaren gainean “nork bere lan egiteko modua duela” adierazi zuen. Horrez gainera, Agenda Lokal XXIean “azken lau urteetan bost milioi euro erabaki dira eta prozesu hori herritarrena eta parte hartzailea da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!