Bozka emateko San Faustoko lokalaren egoerak "herritarren duintasuna urratzen zuen"

Anboto 2011ko aza. 21a, 10:08

Antzinako eskolen eraikina eraitsita dagoenez zentro sozialean bozkatu dute. Lokala ez zaie egokia iruditu eta hiru herritarrek idatzi bat sartu dute udaletxean erantzukizunak eskatuz

Antzinako eskolen eraikina eraitsita dagoenez zentro sozialean bozkatu dute. Lokala ez zaie egokia iruditu eta hiru herritarrek idatzi bat sartu dute udaletxean erantzukizunak eskatuz.

 

Orain hilabete inguru San Fauston antzinako eskolen eraikina eraitsi zuten, bertan etorkizunean zentro zibiko bat eraiki asmoz. Hauteskundeetan bozka emateko lokal moduan eraikin hori baliatzen zutenez udaletxeak beste toki bat aukeratu behar izan du aurten: San Faustoko zentro soziala (Ebaristo Bustintza kalean). 964 herritarek bozkatu dute han.

Juan Carlos Poderoso San Faustoko bizilagunak salatu duenez, lokal hori ez zen bat ere egokia zeregin horretarako. Batetik, “sarrerako ateak 80 zentimetro inguruko zabalera du eta ez zituen irisgarritasun neurriak betetzen”. Bestetik, lokala txikia zen, 35 metro koadro eskasekoa: “Herritarren duintasuna urratzen zuen”.

Hiru lagunen sinadurekin idatzi bat sartu dute udaletxean hori guztia salatuz eta erantzukizunak eskatuz. Etorkizunean egoera hobetzeko neurriak hartzeko ere eskatu dute.

Poderoso zapatuan udaletxera joan zen lokala egokia ez zela kexatuz. Lokala aldatzeko eskaera egiteko epea amaituta zegoela esan zioten: “Egia da, amaituta zegoen, baina eskaera egiteko epea epa uztail amaierako eta abuztu hasierako bederatzi egunetan ireki zuten eta orduan oraindik antzinako eskolen eraikina zutik zegoen; ez genekien botako zuten edo ez”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!