Arratiako tranbia Durangorako norantzan hartu zuen orain lau urte Gaizka Olabarrik, eta ipuin edo nobeletako pertsonaia abenturazaleen antzera, istorio berri bati ekin zion. Hitz liburudendaren kargu egin zen.
Zelan sartu zinen proiektu honetan? Zergatik?
Sasoi horretan langabezian nengoen. Aurretik, eraikuntza munduan ibili nintzen beharrean lau urtez, obra arduradun legez. Nahiko erreta amaitu nuen; erabaki drastikoa izan zen beharra uztea. Bariku batean, Anboto irakurtzen nenbilela, atal honetan bertan irakurri nuen Nekane Bereziartuari eginiko elkarrizketa. Denda itxi behar zuela ikusi eta esan nuen: “Nekanerengana joan behar dut”. Erreleborik ez zeukala esan zidan hona etortzean, eta kontuak ateratzen hasi nintzen, ea defizitarioa izango ote zitzaidan ala ez aztertzeko. Denda hartu eta abenturan murgiltzea erabaki nuen. Beti gustatu izan zait irakurtzea, eta euskal kulturaren zalea naiz. Ilusio handia daukat.
Historia luzeko denda da Hitz.
Lau urtean bizi naiz Durangon, eta jendeak beti esan izan dit denda mitikoa eta tradizio handikoa dela. Nekanek kontatutako anekdotek ere indartu zuten nire erabakia.
Zelan joan dira lehenengo hilabete hauek?
Maiatzean hartu nuen. Ez nuen zarratu ez ezer; hasieratik argi neukan gauza izan da aurreko filosofia mantentzea. Bertako bezeroak mantendu gura ditut, eta uste dut aldatuz gero ez litzatekeela berdin izango. Gainera, bezero batzuk oso fidelak dira. Hitz faltako balitz, bezero-talde bat umezurtz geratuko litzateke.
Interneten aroan bizi gara. Askok diote liburua desagertuko dela.
DVDak VHSari lekua kendu zion arren, MP3ak CDari legez, liburu elektronikoak oraindik ez dio lekua kendu tardizionalari. Eta badira lau bat urte eketronikoa sortu zenetik. Ez dauka oraindik arrakastarik; zentro komertzialetan-eta bere apalak ia hutsik egoten dira. Jendeak ordenagailu aurrean lan egiten du, eta ez du gura etxera gauean heldu eta ohera sartzean beste aparatu elektroniko bat begien aurrean ipintzerik. Liburua hartu eta istorioan sartzen zara; beste gauza bat da.
Gomendioak emateko materiala ezagutu beharko da...
Ezinezkoa da denetarik jakitea eta guztia irakurtzea. Orientatzeko, alde batetik, bezero batzuei galdetzen diet eairakurritakoa zer iruditzen zaien. Bestetik, nik liburu bat irakurtzen dut, eta nire emazteak eta amak beste bana. Irakurtzeko eta gero kontatzeko esaten diet (barrez). Bestalde, Nekanek ere batzuetan laguntzen nau, eta eskertu beharrean nago; baita bere familia eta ingurukoak ere, eman didaten laguntzagatik.
Egiguzu gomendioren bat zure gustu pertsonalekin.
Zientzia-fikzioa eta hausnarketarako aukera eskaintzen duen literatura gustatzen zait: Orwellen 1984 edo Saramagoren Ensayo sobre la ceguera, adibidez. Fikzioa dira, baina arlo soziala jorratzen dutenak, gure garapenaren gaineko gai antropologikoak-eta. Komikiak ere, gaur egun nobela grafiko izenez ezagutzen direnak, gustuko ditut. Horretaz gainera, guztia da eboluzio bat, batez ere, musikan. Gaztetan Negu Gorriak eta Su Ta Gar entzuten nituen; uste nuen inork ez zuela ezer hoberik aterako. Gero, Red Hot Chili Peppers, musika klasikoa... Gaur egun Anari entzuten dut asko, baita fusion jazza ere.
Musika ere eskaintzen duzu.
Euskal musika. Benito Lertxundi, Mikel Laboa edota Ruper Ordorika... beti dauzkagu, beti dagoelako interesaturen bat. Munduko musikari ere lekua egiten diogu, Afrikakoari edo Balkanetakoari, esaterako. Esan behar dut arlo horretan ere badudala laguntzaile bat: Unai Sanchez. Nobedadeen eta munduko musikaren inguruan arreta jartzen du, musutruk.
Zein da zuretzako irakurtzeko momentu onena?
Ohera joatekoa. Urte biko umea daukat, eta ezinezkoa zait beste momenturen batean irakurtzea. Bazkaldu eta gero, bera siestara doanean, tartetxoren bat edukitzen dut; baina askotan nik ere siesta botatzeko aprobetxatzen dut (barrez).
Zelan bizi zara Durangon?
Gustura. Arratiarrek beti eduki izan dugu hartu-emana Durangogaz, hango zerbitzu falta dela-eta. Gainera, txikitatik etorri izan naiz bai Azokara bai Sanfausto jaietara.