Euskadi eta Nafarroako Arnas Patologia Elkarteak antolatuta pneumologiako hainbat espezialista batuko dira Gran Hotelean. Aurten urteroko azterketa eta eztabaida zientifikoaz gainera, gizarte ikuspegia ere landuko dute.
‘Etorkizuenko erronkak pneumologiarentzat’ izenburupean Euskadi eta Nafarroako Arnas Patologia Elkarteak (ENAPE) XXIV. Pneumologia Kongresua antolatu du barikuan, egun osoan zehar, Durangoko Gran Hotelean. Bertan pneumologia eta kirurgia torazikoan espezializatuak dauden medikuek eta erizainek hainbat gairen gainean eztabaidatuko dute. Aurten, ordea, bada berrikuntza bat; arlo zientifikoaz gainera, ikuspegi soziala ere landuko dute: “Espezialisten eta gizartearen arteko zubia sustatu gura dugu, herritarren iritzia jaso. Arnas aparatuko gaixotasuna dutenen ikuspuntua jasotzea garrantzitsua da, alderdi emozionalaren kudeaketa zelan hobetu daitekeen jakiteko”, azaldu du Mikel Oribe kongresuko antolatzaileetako batek.
Bide horretatik, lehenengo batzarrera Albert Espinosa gidoilari-idazle ezaguna gonbidatu dute. Espinosak arnas aparatuko gaixotasuna izan du eta horixe da beranengandik jaso gura duten ikuspegia: Nola sentitzen da gaixoa? Zelangoak dira bere atsekabeak, estutasunak, larrialdiak?
Bigarren mahaikoa da barikuko gairik kuriosoena: Biomasaren errekuntza eta biriketako gaixotasun buxatzailea. Bartzelonako Hospital del Mar-eko mediku Mauricio Orozco-Levi izango dute hizlari espezialistek eta egurrak sortutako kea arnasten dutenek arnas aparatuko gaixotasuna garatzeko duten arriskuari buruz jardungo du.
Hirugarren mahaiko gaia ‘erradiazioa’ izango da. Izan ere, medikuek gaixotasuna identifikatzeko erabiltzen dituzten teknologiak ondorioak dituzte: Toraxeko plakak egiteak esaterako. Hain zuzen, erradiazio naturalaren ostean, erradiazioa eragiten duen bigarren iturburua dira: “Aurrerakuntzak hainbat abantaila eskaintzen dizkigu, baina erradizazioa sortzen duen heinean gai hori landu behar dela uste dugu”. Zaragozako unibertsitateko katedraduna den Miguel Angel de Gregorio izango da hizlaria.
1988an sortutako elkartea
ENAPEk Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan garatzen du bere lana eta pneumologiako eta kirurgia toraxikoko zein erizaintzako espezialista ugari batzen du. 1988an sortu zen eta bere helburu nagusiak honako hauek dira: Arnas patologiarekin zerikusia duen ezagutza zientifikoaren aurrerapena sustatzea, elkarteko kide guztien prestakuntzan eta garapen profesionalean laguntzea, beste elkarte edo erakundeekin ideien trukaketa sustatzea eta hala eskatzen duten entitate publiko zein pribatuei aholkularitza zerbitzua eskaintzea (arnas-respiratorio.net).