Gizarte mugimendutik datozen kideek osatzen dute Zeozer elkartea. Durangaldeko garapen soziokulturalak arduratuta, aurtengo martxoan sortu dute elkartea, eta asteburuan NA.IT gau alternatiboen ekimena antolatu dute. Mlomp eta Khuzayma elkarteekin eta Durangoko Udalaren eta +Dendak-en laguntza eduki dute.
Martxoan sortu zenuten Zeozer elkartea. Zer helburugaz?
Gure helburua Durangaldeko pertsonen garapena da, bai pertsonala bai soziala. Eskualdean elkarte mordoa dago, baina askotan ez dute elkarlanik egiten; bakoitza bere helburua betetzera doa eta kitto. Elkarte bakoitzari bultzada emateko elkarrekin lan egin behar dela pentsatzen dugu. Zubiguneak tailerretan parte hartzen dugu, eta besteekin batera ekitaldietan parte hartzen dugu. Gauza berriak egiteaz gainera, beste elkarteei lagundu gura diegu. Euretako batzuekin batzartu gara eta euren kezketako bat gazteek ez dutela boluntario izan gura da. Hori egia da; gazteek ez dakite zelan boluntario izan. Baina, bestalde, elkarteek ere ez dakite gazteengana zelan gerturatu. Horretan lagundu gura dugu.
Gazteei zuzendutako elkartea da?
Orokorragoa da, baina bai, gazteei begirako proiektuagaz hasi gara. Konturatu gara ez dagoela alternatiba bat gauetan, eta euren aisia lokaletan eta tabernetan ematen dute, eta ohitura ez osasuntsuak hartzen dituzte. Oraingoz asteburu bat antolatu dugu, baina gure asmoa jarraitzea da, asteburu bategaz ez duzulako alternatibarik eskaintzen. Gazteengana ez dugu mugatu gura; inmigrazioa lako gaiak ere landu gura dugu, esaterako; NA.IT-erako Mlomp eta Khuzayma elkarteekin bat egin dugu, adibidez, eta elkarlana sustatu gura dugu.
Gaueko ohiturak aldatzea ez da erraza izango.
Oso zaila da. Batzuk beharbada ez dira animatuko, eta entzun egin behar dugu zer esaten duten, eta zergatik. Andra Marian antolatu ditugu ekintzak apropos, han orain botelloia egiten dutelako. Aukera bat eskaini gura diegu, behintzat; hamar kideko talde batean baliteke bederatzik ez gura izatea ohiturak aldatzea eta batek bai; bat hori animatuko da eta jendea ezagutuko du. Zer edo zer egitetik hasi behar da. Ni lehenago joaten nintzen Bilbo Gaua-ra, eta noizean behin joateko ondo, baina urrun. Durangon bertan alternatibak eskainita, aitzakia gutxiago! Guk ez dugu esaten poteoan ibiltzea-eta txarra denik. Hona etorri eta gero pote batzuk hartu daitezke, 12:30 aldera amaituko da. Gutxienez, bestelako zer edo zer egitea da kontua; gaueko helburua ez dadila izan edatea eta kristoren parranda botatzea.
Bestelako zer edo zer esan duzu. ‘Zeozer’ izena dauka zuen elkarteak ere.
Hitz egokia topatzea itzelezko lana da. Izena pentsatzen goiz oso bat egin eta gero, kafe bat hartzera joan ginen, eta baten batek “zer edo zer gura dozue?” galdetzean konturatu ginen, Zeozer hitza positiboa dela; proiektuak zer edo zer batetik hasten dira, gauza txiki batetik.
Asteburuko ekitaldian film labur lehiaketa bateko sariak banatuko dituzue. Gaia ‘Gaua sortua, guztia nahastua’ da.
Jardunaldi bakoitzean gai bat ipintzea pentsatu dugu, eta oraingoan, katuagaz eta erdarazko “por la noche todos los gatos son pardos” esaeragaz jokatu dugu. Uste dugu gauetan dena ikusten dela polita, jende guztia dela jatorra... eta gai hori ipini dugu ikusteko gaua jendearentzat zer den. Zer egiteko den, edo bakoitzak zer ikusten duen gertatzen dela gauetan.
NA.IT barruan barreterapia saioa antolatu duzue.
Barre egiteko aukera izango da; hori ere apur bat galdu dela pentsatzen dugu. “Barre egiteko edan egin behar dut?”. Ez, modu osasuntsuan ere ondo pasatu daiteke.
Asteburuko jaialdia pasatuta, zer asmo daukazue?
Gauerako alternatibak proposatzeko progama osoagoa prestatuta daukagu, eta gustatuko litzaiguke aurrerago beste ekitaldi batzuk egitea, esaterako, kiroldegia eta liburutegia gauez zabaltzea... Beste elkarteekin elkarlanean ere jarraituko dugu boluntariotza bultzatzeko asmoz.