\'AHTrik EZ\' dioten pegatinez bete dute, asteburuan, Durangoko Batzokiaren fatxada. "Eraso" hori gogor gaitzetsi du Durangoko EAJk.
EAJren esanetan, "gu egiten gaituzte proiektu horren erantzule, baina AHTa ia alderdi politiko guztiek gobernuan dauden herrietatik zehar doa". Horrekin batera, "errespetua, eta, iritzi eta adierazpen askatasuna" eskatzen dute "proiektu honekiko zein beste batekiko". Horrelako ekintzek, "tentsio giroa sortzen dute eta gaur egungo egoeran sobera" daude.
Pegatinak Euskal Herri osoan
Durangon ez ezik, AHTren aurkako milaka pegatina jarri dira gaur Euskal Herriko hainbat herri eta auzotako kaleetan. Mugitu! desobedientzia mugimenduak bultzatuta AHTren aurkako oposizioa modu bisual eta deszentralizatu batean kaleratzeko helburuarekin egin dute ekintza, Irundik Ezkerraldearaino eta Tafallatik Tolosaldearaino. Pegatinak AHTa "munstro mekaniko baten itxuran eta herrixka bat jaten irudikatzen du".