Ekonomiaren garapenean teknologia zentroen garrantzia nabarmendu du EAJko diputatuak.
Madrilgo Kongresuan EAJko diputatu den Josu Erkorekak Azterlanen azpiegiturak bisitatu zituen eguaztenean. Hantxe izan ziren, besteak beste, Durangoko eta Iurretako alkate Aitziber Irigoras eta Iñaki Totorikaguena eta Amankomunazgoko presidente Oskar Zarrabeitia ere.
Erkorekak Azterlaneko Julian Izagaren eskutik jakin zuen zentro teknologikoan egiten dutenaren berri: “Azterlan Euskadiko zentro teknologikoan arketipoa da. Laboratorio txiki moduan sortu zen eta apurka hazten joan da, lanaren poderioz”. Erkorekak etorkizuneko giltzarri moduan “ikerketa, berrikuntza eta hori guztia enpresen ekoizpen prozesuetara aplikatzeko abilezia” aipatu zituen.