Deshazkundeari buruzko jardunaldia antolatu du, barikuan, urriaren 28an, 15M mugimenduak. Pinondo Etxean izango da, 19:00etan.
Hiriak Trantsizioan proiektua hartuko dute hizpide urriaren 28an. Tailer praktiko lez planteatu dute ekitaldia eta David Gonzalez gonbidatu dute hizlari jarduteko. Gasteiz Trantsizioan proiektuko kidea da bera.
Gizarte-eredua aldatu beharreko unean gaudela dio Hiriak Trantsizioan ekimenak; areago, aldaketa hori berehala gertatuko da eta ekidin ezinekoa izango da. Aldaketaren pizgarriak bi fenomeno garrantzitsu dira: klima-aldaketa, batetik, eta munduko petrolio-erreserben erdia agortuta egotea, bestetik. Beraz, herritarrek bizimodua aldatu beharko dugu eta ingurumenarekiko, mundu osoko pertsonekiko eta gure ingurunearekiko justizia-harremanak garatu.
Hiriak Trantsizioan ekimenean, Espainiari dagokionez, jarraitzeko moduko eredua da Gasteiz Trantsizioan, gure hizlariak mahairatuko duena, hain zuzen ere.
Urriaren 21ean hasi ziren Durangaldeko Deshazkundeari buruzko Jardunaldiak. Pobrezia Zero kanpainaren haritik antolatu zuen mahai-ingurua Bateginezek. Pedro Ugartek, Peio Lopez de Muniainek eta Iñaki Urkijok parte hartu zuten; Bizkaiko deshazkunde taldekoak lehenengo biak eta EHNE sindikatukoa hirugarrena.