Maristak ikastetxeak Panamako Bonifacio Pereira zentroan duen proiektua aurrera doa. Elektrizitateari lotuta, Lanbide Hezkuntzako 23 ikasleko kurtsoa abian ipini dute. Etorkizunean internet baliatu gura dute zentro bietako irakasle zein ikasleen arteko hartuemanak sendotzeko.
Maristak Pedro Arrube izeneko proiektua gauzatzen ari da Panamako El Chorrilo auzunean. Batetik, drogek eta marjinaltasunak eragindako inguru hura suspertzen lagundu gura dute; bestetik, hango Bonifacio Pereira zentruan elektrizitateari lotutako Hezkuntza Profesionaleko iraupen luzeko kurtsoa sortu gura dute. Maristetako ordezkariak han izan dira urriaren 9tik 13ra jarraipena bertatik bertara egiten. Julen Elgeta proiektuko arduradun, Javier Uria proiektuko koordinatzaile eta Ricardo Zenikaonandia Maristak-Durango ikastetxeko zuzendariak ikusi dutenez 23 ikasleko lehenengo promozioa martxan dago eta azpiegiturak ere eginda daude. Atzo, urriak 25, inauguratu zuten ofizialki kurtsoa eta Panamako lan arloko ministroa hantxe izan zen.
Era berean, proiektuaren etorkizuneko urratsak ere adostu dituzte. Interneta baliatu gura dute komunikazioa errazteko eta jakintzak banatzeko. Horrela, Maristak eta Bonifacio Pereira zentroaren arteko bideokonferentziak ezarri gura dituzte. Horrez gainera, Maristak ikastetxearen Moodle plataforman \'Panama\' atala sortu gura dute; plataforma horren bidez, ikasleen arteko chat-ak eta irakaslean arteko foro teknikoak sustatuko lirateke, interesgarri diren gaien inguruan eztabaidatu dezaten.
Panamako ikasle onenentzako bekak ere sortu gura dituzte; ikasle horiek Durangon egonaldi bat lortuko lukete eta praktikak egingo lituzkete Durangoko eta inguruko enpresa batean euren formazioa osatzeko.