Karrika taldearen antzezlana 'Agurrik gabeak' ekitaldian

Anboto 2011ko urr. 13a, 13:21

Gerraosteko Durangon kokatutako lana da \'Lurra astinduz\'; urriaren 21an Santa Anan egingo duten ekitaldian antzeztuko dute

Gerraosteko Durangon kokatutako lana da ‘Lurra astinduz’; urriaren 21eko ekitaldian antzeztuko dute.

 

Durango 1936 kultur elkarteak laugarren urtez antolatu du ‘Agurrik gabeak’ ekitaldia, faxismoaren kontra jardun zuten herritarrak omentzeko. Aurtengoan, urriaren 21ean egingo dute ekitaldia, Santa Ana plazan. Omenaldia 20:00etan hasiko da, eta aurreskua eta lore-eskaintzaren ondoren, Karrika antzerki taldeak ‘Lurra astinduz’ lana antzeztuko du.

 

Datorren barikuko ekitaldian belaunaldi gazteek faxismoaren kontra egindako beharra nabarmenduko dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, “gazteek justiziaren alde hartutako konpromisoa” gizarteratu gura dute.

 

Gerraosteko Durango

Karrikaren ‘Lurra astinduz’ antzezlanak gerraosteko durangarren bizipenak kontatzen ditu. Antzerki taldeko kideek azaldu dutenez, “urte haietako sentimendu eta bizipenei argia eta hitza” eman gura izan diete, amodiozko istorio baten bitartez.

 

Karrikak 2007an Durangoko bonbardaketari buruzko ‘Martxoak 31’ ikuskizuna sortu zuen, eta berau amaitzerakoan taldekideak hutsune bategaz gelditu zirela azaldu dute:  “‘La Victoria’ osteko durangarren bizimodua kontatzea hurrengo lan batean”.

 

Lana sortzea ez dela erraza izan aitortu dute Karrikako kideek: “Informazio falta, aurreiritziak eta gaiak daukan gordintasunak erronka izan dira sormen prozesuan”. Antzezlana sortzeko Durango 1936 Kultur Elkarteak batutako testigantzak hartu dituzte abiapuntu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!