Durangoko Kobika jatetxeak pintxoen Euskadiko Txapelketako finala jokatu du asteon eta Island’s egg izeneko pintxoak sari bat lortu dute. Hain zuen,Eusko Labeleko produktuekin osatu beharreko pintxoen atalean saritu dute.
Iñigo Kortabitarte sukaldariak azaldu duenez, “mundu osoko etxeetan dauden produktuak erabili ditugu; zelanbait esanda, arrautza eta txorizoa lako produktuekin osatutako plater tipikoa mokadu txikira eroan dugu”.
Hondarribiako Ostalarien Elkarteak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen duten txapelketako kanporaketa fasea martitzenean jokatu zuten Hondarribian. Kobikako pintxoa Bizkaiko sei onenen artean geratu zen finalerako sailkatuz. Gipuzkoako sei onenak eta Araba eta Nafarroako lau onenak ere sailkatu ziren. Txapelketa Gasteizko Iñaki Rodaballok irabazi zuen eta, esandako moduan, Kobikako pintxoa Eusko Labeleko produktuekin osatutako pintxoen atalean saritu zuten.
Kobika 2006an hasi zen txapelketetan parte hartzen eta harrezkero Euskadiko onenen artean mantendu dira. 2007an Bizkaiko Txapelketan hirugarren geratu ziren eta lehenengoz sailkatu ziren Euskadiko Txapelketara. 2008an Euskadiko Txapelketako finalera sailkatzea lortu zuten. Iaz Valladoliden jokatutako Espainiako Txapelketan parte hartu zuten, estatu mailako 60 pintxo egile onenekin batera. Aurten azaroaren 7tik 9ra ospatuko da Espainiako Txapelketa eta harako sailkatzea dute helburu.
Kobikak eguen iluntzeetan eskaintzen duen ‘Txapelketako Pintxoak’ izeneko menuan sartuko dute pintxo irabazlea. Jatetxeko bost pintxo onenekin batera, ardo zuri, baltz, ur eta postreak osatzen dute 20 eurotako menua.