"Jendeak badauka oraindino AHTa lako proiektuak gelditzeko gogoa eta indarra"

Anboto 2011ko urr. 5a, 13:15

2009ko urtarrilaren 17an Urbinan AHTaren kontra egin zen manifestazioan atxilotutako sei lagunen epaiketa hasiko da gaur, Gasteizen. Urbinan atxilotutako zortzi kideetatik sei epaituko dituzte. Euretariko bat da Imanol Madariaga durangarra

2009ko urtarrilaren 17an Urbinan AHTaren kontra egin zen manifestazioan atxilotutako sei lagunen epaiketa hasiko da gaur, Gasteizen.  Urbinan atxilotutako zortzi kideetatik sei epaituko dituzte. Euretariko bat da Imanol Madariaga durangarra

 

Fiskaltzak desobedientzia, istiluak eta autoritatearen kontrako atentatua egozten die, eta 2 eta 4 urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen du.

 

Goizeko bederatzietan elkarretaratzea deitu du AHT Gelditu! Elkarlanak Gasteizko epaitegien aurrean, eta sei epaituei babesa erakutsi die. Bide batez, duela hiru aste hasi zen autoinkulpazio kanpainaren emaitzak aurkeztuko dituzte. Guztira mila pertsonak aitortu dute manifestazioan egon zirela, eta AHTaren «inposizioaren» aurkako jarrera berretsi dute.

 

IMANOL MADARIAGA 

 

Zer leporatzen dizute?

Bi urteko zigorra eskatzen dute niretzat, desordenengatik. Teknikoki ez dakit desordenak zer esan gura duen. Guk trenaren plataformara igo gura izan genuen, kendu ziguten lurra momentu baterako behintzat berreskuratzeko. Han ez zen egon makinarik ez ezer, beraz, arriskurik ez zen egon. Desordena ertzainek sortu zuten; kargatu eta pilotakadaka hasi ziren. Batzuk jesarri egin ziren plataforman, eta furgonetagaz eurak harrapatzeko keinua egin zuten ertzainek. Gutxi batzuk heldu ziren bertara, eta beste asko alboko landan egon ginen sartzeko gogoagaz, pilotakada artean. Adierazgarria zen jendeak zer argi zeukan AHTaren kontra zerbait egin behar zela; denbora piloa egon ginen landan, pilotakada artean.

 

\"\"Zelan atxilotu zintuzten zu?

Ni landan nengoen, eta plataformara heldu zen bati buruan jo ziotela pentsatu genuenean laguntzera igo ginen. Han geratzen baginen atxilotu egingo gintuztela esan ziguten, eta bajatu egin nintzen. Gero, jendea jarraitu zuten herrira, eta denak arineketan. Han, ertzainen batek aurrean ikusi ninduela eta atxilotzeko esan zuen.

 

Zelan interpretatzen duzu Ertzaintzak martxari emandako erantzuna?

Momentu hartan manifestazio ugari eginda zeuden, eta hainbat herritako kontsultetan jendeak ez zuela AHTrik gura adierazi zuen. Gobernuak aurrera jarraitu zuen, eta herritarrek esana ez zutenez onartzen, desobeditu egin behar zen. Kontrako mugimendua gora zihoan eta beharbada momentu indartsuenetakoa zen. Gobernu aldetik ere, ikusi zuten propaganda asko egin zutela baina jendea ez zutela konbentzitzen. Orduan, derrigorrez egin behar zela-eta, jendea erditik kendu behar zutela erabaki zuten. Horregatik izan zen nire ustez erantzuna hain gogorra. Neurri batean lortu zuten jendea beldurtzea, eta beste askok pentsatzea ez dagoela AHTa gelditzeko biderik. Baina beste askok oraindino uste dugu aurrera jarraitu behar dugula eta gelditu egin daitekeela.

 

Zuen kasua dela-eta, autoinkulpaziora jo du hainbat herritarrek.

Bai. Izan ere. argi ikusi dugu gu mugimendu horretako ordezkari batzuk baino ez garela. Gu hartu gintuzten moduan beste edozein hartu zezaketen, eta alderantziz. Ez dabiltza ni epaitzen ni Imanol naizelako, AHTaren kontra mugitu den pertsonetako bat naizelako baino. Beste edonor izan zitekeen, eta hori azaldu gura izan dute hainbat eta hainbatek euren autoinkulpazioekin.

 

Zelan ikusten duzu proiektuaren garapena?

Garraio sailburuari entzun nion, duela urte bi, proiektua kolokan egon zitekeela tarte asko hasi barik zeudelako. Orain dio proiektua helduta dagoela tarte asko daudelako martxan, baina astiro-astiro doaz lanak, eta urtero eurek pentsatzen zuten baino diru gutxiago dute, eta horrela izango da krisiagatik. AHTaren kontrako mugimenduan ikuspegi hori ere egon da hasieratik: badakigu petrolioa bukatu egingo dela, krisia etorriko dela, eta atzeratzeko ahalegina eginez gero, azkenean bertan behera geratuko da. Beste proiektu askogaz hori gertatu da.

 

Orain momentuan zelan ikusten duzu AHTaren kontrako mugimendua?

Aurreko zapatuko martxan jende askotxo egon zen, eta oraindino indarra dagoela ikusten dut. Ertzainen helburua Urbinako jipoiketagaz ez zen bakarrik AHTaren kontrako mugimendua gelditzea; jendea orokorrean geldiaraztea ere bazen, ez mugitzea. AHTagaz ez dakigu zer gertatuko den, baina argi geratu dena zera da: jendeak badaukala oraindino horrelako proiektuak gelditzeko gogoa eta indarra. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!