Joan zen astean, Ezkurdiko pasabidean, hesiak behean eta trena bazetorrela, hesiak bat-baten igo ziren. Euskal Trenbide Sareak gertakarien agiria eskatu dio Durangoko kontrol postuari zer geratu zen jakiteko.
Durangoko geltokitik Berrizerantz abiatu eta berehala igo ziren Ezkurdiko pasabideko hesiak joan zen martitzenean. Trena geratu egin zen semaforo gorria ikusita eta hesiak handik lasterrera jaitsi zituzten. Hala ere, hesiak kontrolatzeko ardura duen Euskal Trenbide Sareari jazoeraren berri eman diote eta hango ordezkarien esanetan, “dagoeneko eskatu diogu Durangoko kontrol postuari gertakarien agiria pasatzeko”. Aste honetan bertan jasoko dute agiri hori: “Batez ere jakin gura duguna da gertaera aislatua izan den eta behin baino gehiagotan eman den”. Agiri hori aztertu ondoren erabakiko dute zer egin.
Hala ere argitu dutenez “horrelako gertakariak jazo ohi dira, batez ere, tren bat heldu berria denean eta bestea abiatzeko gertu dagoenean”. Euskal Trenbide Sareak-en arabera, joan zen asteko gertaeran “ez zen segurtasun arazorik egon”: “Hesiak igota badaude trenak semaforoa gorri aurkitzen du eta orduan araututako prozedurak dio oinezkoen erritmoa jaitsi behar duela abiadura, semaforo gorriaren parean geratzeko”.