Txosnen errotaziorako akordioa 'propagandarako argazkitzat' jo du PSE-EEk

Anboto 2011ko ira. 30a, 12:38

Jeltzaleei egotzi die sozialistek ez Kultura Batzordea ez beste alderdi batzuk kontutan ez hartzea txosnen errotazio berriko akordioa sinatzerako orduan. \"Kaltetutako bizilagunak aintzat hartu gabe arazoa lekualdatu\" dutela salatu du PSE-EEk

Jeltzaleei egotzi die sozialistek ez Kultura Batzordea ez beste alderdi batzuk kontutan ez hartzea txosnen errotazio berriko akordioa sinatzerako orduan. "Kaltetutako bizilagunak aintzat hartu gabe arazoa lekualdatu" dutela salatu du PSE-EEk.

 

EAJk "propagandarako argazkia egiteko" sinatu du txosnen errotazio sistema berria sozialisten ustean. Pilar Rios zinegotzi sozialistaren berbetan, "aurten eta datozen urteetan kaltetuak izango diren bizilagunak kontutan hartu gabe arazo beste leku batera aldatu du". Gaineratu duenez, "txosnak Kurutziaga eta Pinondo artean txandakatzeko akordioak ez du helburu moduan bizilagunei eragindako trabak gitxitzea. Gobernu Taldeak bere burua goratzeko antzerki horretarako erabilgarri duen agiria eduki gura izan du".

 

Bestalde, Riosek azaldu du, "orain dela hileak" adierazi zuela Txosna Batzordeak sanfaustoetan txosnak Zumar kalean kokatzearen kontrako jarrera; baita errotazio sistemaren kontrakoa ere. Hori ez zaiela gainerako udal taldeei jakinarazi salatu du: "Uda ostean eskatu zuten gure laguntza, kontsentsuatutako irtenbidea topatzeko erabiltzea geneukan denpora pasatu eta gero. Hala ere, denon arteko akordioa lortzeko lanean hasi ginen".

 

Horretaz gainera, zinegotzi sozialistak dioenez, "berriro ere gutxietsi zituen gainerako alderdiak EAJk, eta azken Kultura Batzordea indargabetu zuten. Ez ziguten-eta minutu batzuk beranduago prentsaurrean sinatutako akordioak zioenaz ezer esan". Jeltzaleek gainerako alderdiak "gutsiesten" dituela gaineratu du Riosek eta "propaganda lanetan" ematen du denbora. PSE-EE ez dago txosnen kokapenaren gaineko akordio horren barruan: "Ez gatoz bat ez formekin ezta edukiagaz ere ez. Pinondo eta Kurutziagan  erabakitako kokapenak arazoa beste leku batera aldatzea baino ez du-eta egiten, beharrezkoak izango liratekezen beste neurri osagarririk hartu gabe: halanola, adin txikikoen artean alkohol kontsumoaren zaintza, zarataren kontrola, ordutegi edo txosna kopuruaren kontrola".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!