Urriaren 8an txupinazoagaz hasiko dira ofizialki Sanfaustoak. Udaleko jai batzordeak egitaraua aurkeztu du. Duela hiru urtetik aurrekontu beragaz jokatzen dutela nabarmendu dute; 380.000 eurogaz antolatu dituzte gustu guztietarako ekitaldiak.
Durangoko Orfeoia izango da aurten Sanfaustoei hasiera emango dien taldea txupinazoagaz. Umeen egunean, urriaren 12an, txupinazo txikia berriz, Durango Judo Klub elkartearen esku egongo da, eta aurten emaitza onak izan dituzten Maria Bazan eta Eider Vivanco gaztetxoek jaurtiko dute. Urriaren 8tik 16ra ia deskantsu bako egitaraua egongo da aurten Sanfaustoetan, eta udalak bertako jai batzordeak antolatu dituen ekintzak aurkeztu ditu.
Musikari dagokionez, Landako Gunean hainbat taldek jardungo dute. Esaterako, urriaren 8an Gu Gira konetzertua egongo da hainbat euskal kantarirekin: Gontzal Mendibil eta Xeberri, Txomin Artola, Urko, Naia Robles, Gorka Knorr, Niko Etxart, Pantxoa eta Peio eta Xabi Sansebastian taldea. Urriaren 14an, barikua, Esne Beltza eta Emon taldeek eskainiko dute kontzertua, eta urriaren 15ean, Txarrena taldeak, Jare-k eta Oihan Vega disko-jartzaileak berotuko dute giroa Landako Gunean. Aurtengo jaietako berrikuntzetako bat Rock Izar Eskolak antolatutako Durango Saria maketa lehiaketaren kontzertua izango da. Andra Marian urriaren 11n Oceans malagarrak eta Doktor´s Klub durangarrek eskainiko dute kontzertua.
Munduko musikak ere edukiko du bere lekua Sanfaustoetan, eta besteak beste Durangoko talde bi kaletik ikusteko aukera egongo da. M´lomp-ek Senegaleko doinuak eta dantzak erakutsiko ditu eta Charanga de Ghana txarangak jendea dantzaraziko du.
Ikuskizunei dagokienez, besteak beste, Nino Costrinik "Humanus Comicus" antzezlana eskainiko du Santa Ana plazan urriaren 8an, eta Zanguango Teatro taldeak "La mecánica de la naranja" Ezkurdin, urriaren 15ean. Kukai dantza taldeak ere bisitatuko du Durango urriaren 12an, Ezkurdin "Karrikan" lana plazaratzeko. San Agustin kultur gunean hainbat ikuskizun egongo dira: Anthony Blake "Mas cerca" lanagaz, eta Zirika Zirkusek "Pantxika Lamur" helduentzako clowna ekarriko du aretora urriaren 8an.
Umeen Eguna eguaztena izango da, urriaren 12a, baina hainbat egunetan egongo dira Ezkurdin tren txutxua eta tailerrak eurentzako. Mozorro egunean, urriaren 15ean, umeentzako mozorro tailerra egingo dute Andra Marian, eta jaien azken egunean, urriaren 16an, ponian ibiltzeko aukera egongo da Landako parkean.
Urriaren 16an amaituko dira jaiak, Ingurugiroaren Egunean. Egun horretan, besteak beste, elkartasun jokoak egingo dituzte Ezkurdin, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta. Landako Gunean ReciclART ikuskizuna eskainiko du Toom Packek: birziklatutako materialekin musika egingo dute.