\'Epai politikorik ez. Eskubide guztiak guztiontzat\' lelopean batuko dira 12:00etan, Durangoko udaletxe aurrean.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko laugarren aretoko epaileek kartzela zigorrak jarri dizkiete Arnaldo Otegi (10 urte), Rafa Diez Usabiaga (10 urte), Miren Zabaleta (8 urte), Arkaitz Rodriguez (8 urte) eta Sonia Jacintori (8 urte). Epaia jakin ondoren, gehiengo sindikalak mobilizazioak prestatu ditu. Astelehenean, 12:00etan, Durangoko udaletxe aurrean batuko dira ELA, LAB, STEE, HIRU eta EHNE sindikatuak Epai politikorik ez. Eskubide guztiak guztiontzat lelopean. Adierazi dutenez, "epaia guztiz politikoa den segurtasuna dugu eta Euskal Herriaren aurkako eraso berri bat da".
Otegiri eta Diezi ETAko buruzagi izatea leporatu die epaileak "Bateragune prozesuan zuten arduragatik" eta Zabaletari, Rodriguezi eta Jacintori etakideak izatea. Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal absolbitu egin dituzte. Polizia operazioa 2009ko urrian egin zuen Espainiako Poliziak Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Ekainaren 27an hasi zen epaiketa eta uztailaren 7an amaitu zen.