"Jendeak uste du gauza magikoak egin behar direla urritasuna dutenekin konektatzeko"

Anboto 2011ko ira. 16a, 12:35

Zapatu honetan Durangaldeko Urritasunaren Eguna antolatu du Geu Be-k, behar bereziak dituzten familien elkarteak

Zapatu honetan Durangaldeko Urritasunaren Eguna antolatu du Geu Be-k, behar bereziak dituzten familien elkarteak.

 

\"\"Atzamar bat altxatuta: horixe da Geu Be elkartearen logotipoa. Herrian antolatzen diren ekimen guztietan parte hartzeko prest daudela adierazi gura dute irudi horrekin. Zapatu honetan kalean ibiliko dira egun osoan, Durangaldeko Urritasunaren Egunean. Egitarau mardula osatu dute adin guztietako pertsonentzat.

 

Abenduaren 3a da Urritasunaren Nazioarteko Eguna, baina Durangaldean zapatu honetan ospatuko duzue.


Zergatik izan behar da ba abenduaren 3an? Nik uste dut artikulu bat atera behar dugula nazioarteko egunen kontra. Iaz hotz handia pasatu genuen, etam Durangoko Azoka ere gertu egoten denez, prentsara begira oso egun txarra da. Data berria hartzea pentsatu genuen, eta gaitza izan da Durangaldean jairik ez dagoen egun bat aukeratzea! Jai egun honegaz urritasunaren gaia kalera atera gura dugu, eta egun egokia behar genuen.

 

Kalera irtetzeari garrantzia ematen diozue Geu Bekook. Integrazioaren giltzetako bat dela ematen du.

Nik uste dut baietz. Jendeak arraro ez begiratzea lortzea da kontua. Urritasunaren Egunean gure auzokideen eguna ospatuko dugula diogu. Hartu-emanik ez badaukagu, arraroa egin ahal zaigu; baina ohitzen bagara guztion artean ekintzak egitera eta jaiak ospatzera, ez da hain arraroa izango. Zapaturako, eskoletara gonbidapenak bidali ditugu, eta arlo horretan, hezkuntzan, argi dago gelan urritasuna duen norbaitegaz egon denari normalagoa egiten zaiola hartu-eman hori. Baina inoiz ez baduzu ikusi, beldurrak datoz: “Ea zer edo zer kutsatuko didan”; pentsaera hori oraindino badago.

 

Ezezagunari beldurra...

Bai. Askotan jendeak pentsatzen du gauza magikoak egin behar dituzula urritasuna dutenekin konektatzeko: “Zelan tratatuko dut?”; “kontuz ibili behar naiz?”; “Oso delikatu da?; “Agresiboa izango ote da?”. Ez. Guk sinpletasunaren pedagogia erabiltzen dugu. Guk ez dakigu urritasunari buruz ezer ere; guk pertsonei buruz dakigu, eta guk pertsonekin egiten dugu lan. Baldintza hori aldatuta, gauzak errazagoak dira. Zer egin gura dute gure gazteek? Edozein gaztek egin gura duena: kontzertuetara joan, kirola egin, poteoan irten, ahal bada ligatu... Ez dira hain desberdinak.

 

Bosgarren urteurrenean ‘Ez arraro begiratu’ lema erabiltzen hasi zineten.

Bai, eta Armyarma taldeak lema horregaz abesti bat sortu zuen. Hitzak itzelak dira: guztiek arraro begiratzen gaituztela dio, eta arazoari buruz berba egiten du. Egia da, hala ere, Durangaldean geroago eta gutxiago begiratzen gaituela arraro.

 

Aldaketarik igarri duzue horretan elkartea sortu zenutenetik hona?

Gure eskualdeko egoera inbidia ematekoa dela uste dut. Beste herri batzuetan –Bilbo aldean, adibidez– integrazioa lortzea oso gaitza da, oso hiri handia delako. Herriko parte izan gura baduzu, ezaguna izan behar duzu, eta normalean urritasuna daukan jendea anonimoa izaten da; batez ere, urritasun intelektuala daukana. Euskal Herrian badaukagu berba bat horiei deitzeko: “pertsonaia xelebreak” izaten dira askotan. Durangon nahiko onartuta daude. Parte hartzen dugu Zubiguneak tailerrean, bat gehiago gara; jaietan txosna muntatzen dugu... gazteen gunea da eta integratuta gaude. Hori posible da herri txikietan, baina herri handietan askoz gaitzagoa da. Mugitzeko eta ikusgarria izateko dinosauroa izan behar duzu.

 

Zapatukoa egun berezia izango da elkartearentzat.

Oso garrantzitsua da; urtegun bat lakoa. Hor urritasuna bizitzeko moduak ere badaude; batzuk oso argi daukagu horrelako ospakizunak egin behar direla, baina familia batzuentzat ez dago ezer ospatzeko, eta beharbada ez dute parte hartu gura. Gu pozik bizitzen ahalegintzen gara: “Arazo hau daukat eta aurrera egin behar dut ahal dudan heinean”, diogu. Badaukagu ospatzeko zerbait. Kalean urritasuna arrunt bihurtzea lortzen badugu, gauzak errazago joango dira. Espiritu hori atera behar dugu kalera.

 

Ikasturte honetarako zer asmo daukazue?

Orain gabiltza programa planteatzen. Begiraleok zer edo zer pentsatzen dugu, eta gero gurasoekin eta gazteekin egiten dugu berba. Azkenean, gazteek esaten dute zer egin gura duten. Koadrila baten modukoa da hau, eta ezin da urtea planifikatu. Tailer bat egitea pentsatu dezakegu, baina kontzertu polit bat antolatzen badute, horra joango gara. Gauza finkoak badaude; irteeraren bat edo San Mamesera partidu batera joatea, kasurako, baina orokorrean programazioa bizia da; eurek diotenaren arabera aldatzen dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!