Durangoko udalak Landako Eskola saritu du mugikortasun iraunkorrean egindako lanagatik

Anboto 2011ko ira. 16a, 13:51

\'Landako eskolara oinez\' ekimenaren bidez ikasleak taldeetan eta oinez joan izan dira etxetik eskolara. Sariagaz mugikortasunaren alde egindako lana eskertu dio Udalak

‘Landako eskolara oinez’ ekimenaren bidez ikasleak taldeetan eta oinez joan izan dira etxetik eskolara. Sariagaz mugikortasunaren alde egindako lana eskertu dio Udalak.

Iraunkortasunaren alde egindako lana aitortzeko asmoz, Durangoko Udalak elkarte edo erakunde bat sarituko du urtero Mugikortasunaren Astearen barruan. Aurtengo lehenengo aldiko saria Landako Eskolari eman diote ‘Landako eskolara oinez’ ekimenagatik.

Iazko urtean ipini zuten martxan ekimena. Umeek eskola joan-etorriak zelan egiten zituzten aztertu zuten. Ondoren, ibilbide bi zehaztu zituzten bide hori elkarrekin oinez egiteko. Hasieran aste beterako proba moduan sortutako ekimena ikasturte osora luzatu zuten gurasoen eskakizunez: “Ekimen oso interesgarria iruditu zitzaien eta euren ekimenez ikasturte osora zabaldu zuten ekimena”, dio Lurdes Etxeita Landako Eskolako Agenda XXI programaren arduradunak.

Oraingoz ibilbide bi dituzte, baina aurtengo ikasturtean zehar hirugarren bat sortzeko asmotan dira: “Aramotz auzuneko hainbat gurasok beste ibilbide bat egiteko interesa erakutsi dute. Guk bitartekari lana egingo dugu eta ondoren gurasoak arduratuko dira eguneroko ibilbideak kudeatzeaz”.

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!