Udal zerbitzuekiko EAJren "utzikeriak" eta daroan kudeaketa "ezin txarragoak" Andragunea hile bian itxita egotea eragin duela salatu du PSE-EEk. Berdintasunarekiko jeltzaleen "inplikazio eskasa" ere salatu dute.
Pilar Rios zinegotzi sozialistak gogorarazi duenez, "EAJk hile bi horietan arduradunaren baja bete ez zuen arren, emakumeen kontrako erasoek ez dute oporrik hartzen". Gaineratu duenez, "lan asko" eskatu du Andragunea martxan jartzeak EAJk hile bian itxita mantendu duela aintzat ez hartzeko". Diotenez, "bertako arduradunak uztailean hartu zuen baja eta ez zen inor kontratatu bera ordezkatzeko. Hori bezain larria da atean inolako abisurik ez jartzea". 2009ko martxotik dago zabalik Andragunea.
Andraguneko ordutegiak "zuzen" kudeatzeak duen garrantzia berretsi du PSE-EEk, goiz eta arratsaldea bete dezaten, "eta horrela ahalik emakume gehienei emateko zerbitzua". Era berean, zerbitzua urte osoan zabalik mantentzearen aldekoak dira sozialistak, "emakumeentzako formazio eta topaketa gune bat ez ezik generoari buruzko informazio eta aholkularitza gunea ere bada-eta; horren baitan emakumeen eskubideak, amatasuna eta genero biolentzia lantzen dira". Sozialisten berbetan "ulertezina" zerbitzuok batzen dituen eraikina itxita egotea hilebete bian, "erasoek ez dute-eta oporrik hartzen".
"Alderdi batzuk Andragunearen espazioa handitzeko, eduki gehiagogaz eta hobeagoekin hornitzeko, lanean gagozen bitartean, Gobernu Taldea, errealitateak erakutsi legez, gaur egungo gizartean beharrezkoa den zerbitzua boikoteatzen dihardu", dio Riosek. Gogoratu dute Durangon emakume bi hil dituztela euren bikote-ohiek. Oraindino "errotik atera beharreko" gaitz hori ezabatzeko instituzioek "ahalegin handiena" egin beharra dutela azpimarratu dute.