Musikan bost urte daramatza Anna Calvik; udatik abendura arte munduan zehar hainbat kontzertu eskainiko ditu bere lehenengo diskoa aurkezteko.
Egunotan Porto, Lisboa, Durango, Bartzelona eta Valentzian eskainiko ditu Londreseko 28 urteko Anna Calvi musikariak zuzenekoak. Orain bost urte ekin zion jatorri itailarreko emakumeak bere ibilbide musikalari, eta munduan zehar kontzertuak eskaintzen dihardu orain, etenik barik: diskoa aurkezteko bira abendura arte dauka lotuta, eta kontzertu mordoa eskainiko du.
Besteak beste, Edith Piaf edo Nina Simone abeslariak miresten dituen musikaria da Calvi, eta Patti Smith-ekin konparatu dute hainbat musika kritikarik.
Gitarra jotzen du Anna Calvik, eta zuzenekoetan harmoniumak eta perkusioak lagunduta jarduten du. “Uste dut arteak ez duela zerbait erraza izan behar”, irakurri diogu elkarrizketa batean, “borroka bat, erronka bat izan behar du musikak”. Kantatzen dituen letrak zein musika, kontu eta arreta handiz landutakoak direla azpimarratzen du musikari ingelesak.
Irailaren 15ean, Heineken Music Selector jaialdiaren barruan eskainiko du, 22:00etan hasita, Plateruena kafe antzokian kontzertua Anna Calvik.