Askotariko ekintzak Mugikortasun Astearen barruan, hilaren 16tik 22ra

Anboto 2011ko ira. 9a, 08:35

Mugikortasun iraunkorraren alde egiteagatik saria emango diote Durangoko elkarte bati, lehenengoz: Landako Eskolari

Mugikortasun iraunkorraren alde egiteagatik saria emango diote Durangoko elkarte bati, lehenengoz: Landako Eskolari 

Urtero legez, Durangoko Udalak bat egingo du Europa mailan ospatzen den Mugikortasun Iraunkorraren Asteagaz, eta irailaren 16tik 22ra bitartean informazioa, ospakizuna eta aldarrikapena uztartzen dituen egitaraua osatu du.

 

Iraunkortasunaren alde egindako lana aitortzeko asmoz, irailaren 16an, 12:00etan, Durangoko erakunde bat sarituko du udalak: Landako Eskolari emango diote, aurten. Aurrerantzean urtero sarituko dute elkarte edo erakunde bat, Mugikortasun Astearen barruan.

 

Irailaren 17an ikastaro bitan parte hartu ahalko da; bata urterokoa da, gidatze eraginkorraren ingurukoa (09:30etik 13:30era) eta bestea nobedadea, bizikleta hirian zelan gidatu ikasteko gakoak emango dituena (11:00etatik 13:00etara). Izena honako e-mailean eman daiteke: agenda21@durango-udala.net.

 

Egun berean, Herri Martxa Bizikletaz ekimena egingo dute; 17:00etan Landako Gunean ipini dute hitzordua, Durango eta Abadiño lotzen dituen ibilbidea osatzeko.

 

Irailaren 20an berriro eskainiko dute gidatze eraginkorraren inguruko ikastaroan parte hartzeko aukera. Hilaren 21ean, 19:00etan Car sharing, autoa ulertzeko modu berri bat hitzaldia emango dute Landako Elkartegian; ibilgailuak elkarbanatzeko sistemari buruz jardungo dute hizlariek.

 

Azkenik, irailaren 22a Autorik Gabeko Eguna izendatu du udalak. Zumalakarregi kalea itxita egongo da egun osoan. Arratsaldean puzgarriak, kart-ak, balanz-bike zirkuitua… prestatuko dituztea Ezkurdin, eta egun guztian Iberdrolaren autobus iraunkorra ere egongo da bertan. Eguraldi txarra egiten badu, ekintzak Landako Erakustazokara tokialdatuko dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!