Menu ekologikoa eta aukera ugaria Plateruenean

Anboto 2011ko ira. 4a, 09:24

Durangaldeko baserritarren eta Marisatsa elkartearen bidez eskuratuko dituzte produktuak

Durangaldeko baserritarren eta Marisatsa elkartearen bidez eskuratuko dituzte produktuak.

 

Ikasturteari berrikuntzaz beteta ekin diote Plateruena kafe antzokiko sukaldean. Astelehenetik zapatura, eguneko menua ematen jarraituko dute, baina hainbat berezitasunekin.


Berrikuntzen artean esanguratsuena menu ekologikoa da. Antzokiak egunero produktu ekologikoekin prestatutako lehenengo eta bigarren plater bana eskainiko ditu. Platerean jartzen duten jenero guztia ekologikoa dela bermatzeko, nekazaritza ekologikoan diharduten Durangaldeko baserritarren eta Marisatsa elkartearen laguntza izango dute. “Janari osasuntsuaren aldeko apustua egiteaz gainera, eskualdeko baserritarrei bultzada ematea da helburua”, azaldu du Beñat Gaztelu-Urrutia kudeatzaileak.

 

Berrikuntza ugari
Egunero izango da berezitasunen bat: astelehenetan %10eko deskontua, martitzenetan plater konbinatua eskainiko dute menuaz gainera eta eguaztenetan beste herrialde batetako jakiren bat. Eguenetako kafea eta barikuetako aperitiboa antzokiaren kontu izango dira. Gainera, orain arte moduan, jateko begetarianoa ematen jarraituko du antzokiak, eta baita umeendako menu erdia ere. Menu bonoa eskuratuta, hamargarren bazkaria doan ematen jarraituko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!