'Nire belaunaldiak oso momentu interesgarriak bizi izan ditu herriari eta elizari dagokionez'

Anboto 2011ko abu. 31a, 09:13

Abadetzan 50 urte bete zituen Juanito Gallastegi durangarrak 2008an. Ibilbide horren ostean, \'Tontorretik begira\' izeneko liburua kaleratu du. Ez da biografia bat, hori argi utzi gura izan du; bere hainbat bizipen eta hausnarketaren bat batu ditu liburuan. Besteak beste, bera abade egondako herrietan banatu dituzte liburuaren aleak.

Abadetzan 50 urte bete zituen Juanito Gallastegi durangarrak 2008an. Ibilbide horren ostean, "Tontorretik begira" izeneko liburua kaleratu du. Ez da biografia bat, hori argi utzi gura izan du; bere hainbat bizipen eta hausnarketaren bat batu ditu liburuan. Besteak beste, bera abade egondako herrietan banatu dituzte liburuaren aleak.

 


Zelan sortu zen liburua egiteko ideia?
Abade egin nintzela urre ezteguak izan ziren orain dela hiru urte, eta hori zela-eta baten batek esan zidan Anboton-eta bestelako lekuetan idatzitakoak batu eta liburutxoren bat egin ahalko zela. Ander Manterola Labayruko buruagaz egon nintzen, eta ondo iruditu zitzaion. Hasi nintzen batzen Anbotokoak, eta  Anaitasunan, Zeruko Argian… inoiz idatzitakoak. Arrate Irratian Oiztik Anbotora irratsaioa egiten genueneko paper batzuk ere agertu zitzaizkidan, eta eurak ere batu nituen.

 


Baina liburuan ez da horrelako artikulurik agertzen.
Anderrek esan zidan sarreratxo bat egiteko artikuluei, nire bizitzaren inguruan, nire abadetzako urre-ezteguak ziren-eta. Bost orri idatzi nituen eta, antza, gustatu egin zitzaion; “hau puztu egin behar dok!” esan zidan. Hasi nintzen puzten, eta horrela sortu zen liburua, ia hilebete inguruko takada baten. Beraz, hasieran liburuak bi zati izan behar zituen: nire oroipenak eta batu nituen artikuluak. Hiru urtean, diru-krisiagatik edo, geldi egon da eta azkenean Labayrutik  esan zidaten argitalpenek orri gutxiago izan behar dutela orain. Oroipenen zatia baino ez da argitaratu azkenean. Gainera laburtu egin behar izan nuen puztutako hori ere! Elorrio eta Atxondoko pasarteak 36 orritik 20ra pasatu behar izan ditut hiru-lau egunetan! Artikuluen bilduma beste batean argitaratuko, agian.

 


Zure biografia barik “oroipenak eta hausnarketatxoren bat edo beste” idatzi dituzula  diozu liburuaren hasieran.
Bai, hori argi geratu daitela gura dot. ez dira agertzen nire bizitzaren ardatz izan daitezkeen eta nigan eragin handiena izan duten gertaerak eta bizikizunak. Bizitzaren harira, oroipen batzuk baino ez.. Gogoratzen izan zaizkidan kontuak batu ditut, jendeak gustora irakurriko lituzkeela pentsatuta.

 

Zure lehenengo oroitzapenak gerrakoak dira.
Bai, Durangoko bonbardaketa oso ondo gogoratzen dut, hiru urte eduki banituen ere. Elorrion gudariak Intxortarantz joaten ikusi nituenekoa ere... Gero Comillasen historia ikasten nenbilela Gernika eta Durango gorriek erre zituztela esan zuen irakasleak liburutik, eta nik hori ez zela egia. Gero, neronek bizitakoa kontatu nion berari. Irakaslea zur eta lur geratu zen; sinisten zuena eta entzuten zebilena historia bi ziren. “Se suprime esta lección” esan zuen hurrengo egunean.

 


Liburuan diozu agian Comillasen ikasi zenuelako piztu zitzaizula euskaltzaletasuna.
Ez dakit han ez banintz egon zer izango zen, baina argi-argi eragin zidan. Han alde guztietakoak geunden eta ondo konpontzen ginen. Kataluniarrek barre egiten ziguten hemengo batzuk gure artean ez genuelako euskaraz egiten. Ez zekiten Bilbo eta Barakaldo inguruan ez zela euskararik egiten; giputzekin-eta bai, beti euskaraz aritzen ginen. Gero zortea eduki nuen gaztetxotan Aita Gaizka Barandiaran jesuita eta hainbat euskaltzale ezagutu nituelako.

 


Iurretako egotaldian oso zoriontsu zinela esaten duzu liburuan.

Bai. Gaztea ere banintzen eta... zeruan nengoen han. Ondoegi onartuta nengoen. Oso momentu interesgarriak izan ziren herriari eta elizari begira, hurrengo urteak bezala. Euskara bazihoan pikutara, eta ahalegindu ginen buelta ematen, lehenengo Iurretan, eta gero Markinan ere bai. Iurretan Oromiñoko kargua neukan eta nire lagun batentzat hura “Rusia txiki” zen, orduan zeukan zentzu txarragaz. Nik esaten nion: “Rusia txiki? zeru handi da Oromiño!”. Oso gustora egon nintzen, gero Markina aldean eta Elorrion bezala.

 


Modu batera edo bestera, zure bizipenekin hemen inguruko historia kontatzen duzu.
Nik uste dut baietz. Hor hainbat abadeok egindako itxialdi eta ekitaldi ere sartu ditut. Gotzaitegian sartuta egon ginen protestan behin, eta hainbat manifestaldi egin genituen abadeok. Behin manifestazio baten geundela polizia batzuk hasi ziren atzetik; “Sinverguenzas, mejor dejaros la coronilla y dejaros de manifestaciones!”. Diktaduraren  kontrako lehen pausuak nik uste dut abadeengandik ere etorri zirela. Mundu guztian hain ezaguna egin zen hainbat abadek, 339k, sinatutako karta famoso hura izan zen lehenengoetariko pausua.

 


Izen asko agertzen dira liburuan. Baten bat sartu barik isteko beldurrik eduki duzu?
Asko! Agertu beharko liratekeen asko ez dira agertzen, eta gainera egin behar izan dudan entresakarekin... gehien hori kostatu zait, idatzitakoa kentzea. Liburuaren luzera-neurriak dirala-eta agertzen ez diren izen asko ere urrezko letrekin ipiniko nituzke, liburuan jartzen dudanez, jende aparta ezagutu dut eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!