'Ume saharauiak ezagututa, ezin dugu geldirik egon hango egoeraren aurrean'

Anboto 2011ko abu. 27a, 08:26

Martitzen honetan hartu dute etxerako bidea Durangon uda pasatu duten ume saharauiek. Bederatzigarren urtez, Herria elkartearen bitartez etorri dira umeak. Tindufeko kanpamentuetara bueltatu aurretik, agur jaia egin zuten barikuan. Orduan gerturatu ginen umeak etxean hartu dituzten familiekin berba egitera.

Martitzen honetan hartu dute etxerako bidea Durangon uda pasatu duten ume saharauiek. Bederatzigarren urtez, Herria elkartearen bitartez etorri dira umeak. Tindufeko kanpamentuetara bueltatu aurretik, agur jaia egin zuten barikuan. Orduan gerturatu ginen umeak etxean hartu dituzten familiekin berba egitera.

 

Bueltarako orduan, triste?

Julian Izaga: Bera joateak pena ematen dit, baina ez nago triste. Eurentzat hemengo egotaldia indarberritze eta opor garaia da; etortzeko gogo handia dute, eta bueltatzeko ere irrikitan daude.
Marije Orobio-Urrutia.: Ez dute penarik, ez. Han ez daukate ezer, baina etxera doaz.


Asko aldatzen da zuen egunerokoa umeekin?
J. I.:  Batzuek ez dute ulertzen uda horrela pasatu gura izatea; oporrak beste modu batean konpartitzen. Oporrek erritmo aldaketa esan gura dute, eta niretzat hau ezerezetik denerako aldaketa da. Sentimentu nahasiak dauzkat; gizartean geroago eta gutxiago elkarbanatzen dugun egunotan, elkartasuna pizten zaizu. Nabarmendu egin behar da Herria elkartekoen lana; itzela da.

 


Alde handia dago hango umeengandik hemengoengana?
Garazi Etxebarria: Denean jartzen dute arreta, eta beste balore batzuk dauzkate; beste ikuspuntu batetik ikusten dituzte gauzak.
J.I.: Nire umezaroa gogoratzen didate. Orduan etxeetako ateak ez ziren sekula ixten. Familia oso egituratuta zegoen, eta elkarrekin bazkaldu eta afaltzen genuen. Talde sentimentua hemen baino handiagoa dute; elkarrekin egoteko gogo hori. Auzokideen artean hartu-emana sendotu egin da; ume saharauien adineko umeen etxeetan ateak zabaldu egin dira. Azken batean, hemen horrenbesteko garrantzia duen edukitzearen kontzeptua ahaztuta, izateak dauka garrantzia.

 


Zelakoa da euren bizimodua han?
G.E.:
Jaiki eta eskolara joaten dira. Batzuek ordu bete inguru egin behar dute oinez. Gero etxean zer edo zer jan, eta arratsaldean jolastu edo lanak egiten laguntzen dute. Antzera da egunero.
M.O.: Hemen lehenago izaten zen moduan, jende nagusia kontuak kontatzen ibiltzen da, eta umeei asko gustatzen zaie entzutea. Errespetu handia diete nagusiei; familien egituran agintzen duena amama izaten da.

 


Marijek eta Garazik kanpamentuetara joateko aukera eduki duzue. Zelako esperientzia izan da?
M.O.: Gauza material larregi dauzkadala pentsatuz etorri nintzen ni. Materialak ez diren gauza asko galtzen gabiltza; koadrilan jesarrita egon eta kontuak kontatzen egote hori, adibidez. Batzuetan ematen du ez daukagula denborarik eguna zelan joan den elkarri kontatzeko ere.
G.E.: Polita da hara joatea  hori guztia ikusteko, baina gogorra ere bai. Gu erreginak legez hartu gaituzte, baina ur bidoiak ikusten dituzu, kamioia pasatzen... Guk ez dugu ikusi janari banaketa zelan egiten den, baina batzuetan ez da heltzen, edo gutxi heltzen da...
M.O.: Nik atunaren banaketa ikusi nuen, andren artean. Psikologikoki oso ukituta etorri nintzen. Hangoa ikusi eta gero, hemen ikustea edozer txorakeriagatik kexaka zelan gabiltzan...
G.E.: Bai, baina motibazioa ematen du ikusteak daukaten apurragaz zelan egiten duten aurrera, familian zelako maitasuna eta errespetua daukaten, auzokideen artean zelan laguntzen duten elkar... Bere garaian, kanpamentua andrek atera zuten aurrera, gizonak soldadu zebiltzalako. Apurka-apurka hori aldatzen doa; gizonak ez dira frontera joaten, bertan geratzen dira eta ez dago lanik...

 


Itxaropenik bai?
G.E.: 35 urte daramate egoera horretan, eta ematen du onartuta dagoela egoerak horrela izaten jarraitu behar duela. Politikariek ez dute ezer egiten, eta han jarraitzen dute; inoren lurretan, laguntzei esker bizirauten...
J.I.: Mobilizazio premia ikusten dut. Familia gehiago egotea gustatuko litzaidake, eta Gabonetan trailer bat barik hiru bidaltzea. Kalean eta instituzioetan aldarrikapen honek oihartzuna izan behar du. Umeekin bizitakoak derrigortu egiten gaitu egoera honen aurrean geldirik ez egotera. Umeak ezagututa, ez duzu  Sahara edo Fronte Polisarioa ikusten, pertsonak daude hor.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!