Merkatuaren ordenantza eguneratzeko eta merkataritza bultzatzea helburu duen PERCO mahaian azokako saltzaileak egon daitezen eskatzeko mozioa onartu du udalak azkeneko osoko bilkuran. Aho batez onartu dute Bilduk eta Aralarrek aurkeztutako mozioa.
Merkatu plazan jarduten duten nekazariek lehenago salatu izan dutenez, “zapatuko azokako araudia ez da betetzen”. Baserritarren kexei erantzun guran, ordenantza aztertu eta nekazarien jarduna bultzatzea da mozioaren helburua. Ordenantza 1986tik dago martxan, eta, Aralarreko Dani Maeztuk azaldu duenez, "araudiaren arabera bertako produktuak saldu beharko lirateke, eta denetik saltzen da". Bilduko Urdaspal Bolinagak zehaztu duenez, "saltoki handietan erositako produktuak saltzen dituzte batzuek". Saltoki horiek, gainera, hein batean, sektorean kalteak eragin dituztela gogoratu du Bolinagak.
Mozioan proposatzen dutena zapatuko azoka arautzen duen ordenantza eguneratzea da, eta araudi hori betetzeko baliabideak ematea; azokako ekoizle eta saltzaileak herriko merkataritza bultzatzeko PERCO mahaian sartzea eta PERCOn merkatu hori bultzatzeko ekintza plana sortzea .
Alderdi guztiek aldeko botoa eman diote mozioari. PSE-EEko Pilar Rios merkatu plazako postuetan salgai jartzen diren produktu motak arautu eta Durangoko baserritarrei lehentasuna ematearen alde agertu da. EAJ alderdiko Goiztidi Diaz zinegotziak, berriz, bere taldeak ekimena pozik hartu duela esan du. Gaineratu duenez, "hauteskunde programan esaten genuen sustatu beharreko egitasmoa dela hau".
Merkatua biziberritzeko baserritarren proposamenak
Maiatzean eskainitako prentsaurrekoan baserritarrek Durangoko zapatu goizetako merkatua bultzatzeko beharra azpimarratu zuten. Izan ere, merkatu egunak “oihan txiki bat” izaten dira sarritan, Urdaspal Alberdi baserritarraren arabera. Horregatik, merkatua biziberritzeko bidean, mahaien eta saltokien banaketa arautuari ematen diote lehentasuna. Horregaz batera, ‘birsaltzaileak’ alboratzea ere beharrezkoa dela diote. Horrez gainera, egoera hobetzeko beste proposamen batzuk ere badituzte baserritarrek etorkizunera begira. Larunbat goizetan baserritar ekoizleek TAOrik ez ordaintzea, kasurako, karga eta deskarga guneetan “kaos apur bat” sortzen delako sarritan.
Era berean, herritarrei merkatura joateko ohiturak sortzeko ekimenak bultzatu beharko liretekeela uste dute; esaterako, Ordizian zein beste herri batzuetan egiten den antzera.