ETAren atentatuak gaitzesteko eta talde armatuaren desagerpena eskatzeko mozioa aurkeztu dute PPk eta PSE-EEk. Aralarrek eta EAJk testu alternatiboak aurkeztu dituzte eta Bilduk ez du bozkaketetan parte hartu, "garai berriak jarrera berriak" eskatzen dituela iritzita.
ETAren atentatuak gaitzestea eta bere desagerpena eskatzeko mozioa aurkeztu dute udalbatzarrean Durangoko PP eta PSE-EEk. Euskal gizartearen helburu nagusiak "terrorismoa amaitzea eta bakea lortzea" direla azaldu dute testuan bi alderdiek, eta PSE-EEko Pilar Riosek gaineratu du bakerako "ezinbestekoa" dela ETA desagertzea.
Mozioak beste alderdien testu alternatiboak sortu ditu. Aralarrek "motibazio eta arrazoi politikoengatik eragin diren hildako guztiak" gaitzestea eskatu du bere mozioan, "altxamendu militarrak eta diktadurak eragin zituenak barne". Biktima guztien errekonozimenduaz berba egin du Dani Maeztuk, eta gogoratu duenez, "alderdi popularrak ez ditu oraindik altxamendu militarra eta dikatura kondenatu". EAJk ere mozioa aurkeztu du. Indarkeria ekintza politikorako tresna gisa arbuiatzea proposatu dute mozio horretan, eta Espainiako estatuaren eta ETAren elkarrizketa prozesuak babesten dituztela adierazi: "politikak bortxakeriaren amaieran lagun dezake".
Bilduk bozkaketetan ez parte hartzea erabaki du, "horrelako mozioek alderdikeria kutsua" dutela argudiatuta. Garai berriez mintzatu da Bildu: "bakean, normalizazioan eta euskal herritar guztien eskubideen aitortza eta errespetuan oinarritutako etorkizuna" eraiki behar dela nabarmendu du. Udaletik bultzatu beharko liratekeen urratsen artean, ETA eta Espainiako Estatuari "biolentzia guziak eta gatazkaren ondorioak behin betiko gainditzeko elkarrizketak hasteko eskatzea" legoke Bilduren ustez.
Bozkaketa orduan, Aralarrek bere mozioa erretiratu du eta EAJren testuaren alde bozkatu du. PP eta PSE-EEk aurkeztutako testua eurek baino ez dute babestu eta Bilduk ez du bozkaketetan parte hartu.