Durangoko CCOOren lokalaren aurrean ‘Zubi’-ren ibilbidea gogoratu zuten atzo. Ekitaldian izan zen, besteak beste, Unai Sordo Euskadiko CCOOren zuzendari orokorra.
Lehenengo Roberto Martin CCOOren Durangaldeko arduradunak hartu zuen hitza. Zubillagak utzitako gomuta “ahaztezina” dela azaldu zuen eta berak sindikatuari eskainitako lan orduak eta dedikazioa “adibide moduan” hartuko dituztela: “Zubi langile eta sindikalista konbentzitua eta nekaezina izan zen”.
Ondoren, Jose Petite CCOOko kidea hurreratu zen mikrofonora eta malkoei ahal zien moduan eusten ziela Zubiren ibilbidea gogoratu zuen. Era berean, CCOOren lokaleko delegatuen gelari Jose Luis Zubillaga izena ipiniko diotela aurreratu zuen, horretarako sortutako plaka erakutsiz. Dantzari biren saioak ipini zion amaiera omenaldi ekitaldiari.
Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Unai Sordo Euskadiko CCOO-ren zuzendari orokorra, Alba Gutierrez Durangoko Ezker Batua alderdiko zinegotzia, Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, Iñaki Totorikaguena Iurretako alkatea eta Jose Luis Lizundia euskaltzaina.