Lanordu osora egongo dira alkatea, Maria Jose Balier (EAJ), Idoia Agorria (PSE-EE) eta Juan José Gaztañazatorre (PP). Aralarreko Iker Urkiza % 60an egongo da liberatuta, eta Bilduk liberatua edukitzeari uko egin dio.
Liberazioak eta batzorde kideak onartu berri dituzte Durangoko Udalean. EAJk, PSE-EEk eta PPk zinegotzi bana lanordu osoan udalean beharrean edukiko dute, urtean 56.000 euro inguruko soldatagaz. Bilduk uko egin dio liberatua edukitzeari, eta Aralarrek Iker Urkiza izango du soldatapean, lanorduaren % 60 kobratuta: 33.500 euro. Alkatearen soldata 75.000 eurokoa izango da.
Batzorde-buruak
Batzordeen eraketari dagokionez, batzorde buru guztiak EAJkoak izango dira. Aitziber Irigoras batzorde bitako burua izango da: Ogasuna, Pertsonala eta Diruzaintza, eta, Kontu Batzorde Berezia; Maria Jose Balier Hirigintza batzordeko burua izango da; Euskara, Kultura eta Hezkuntzako batzordeburua Andoni Iruarrizaga izango da; Ander Gorrotxategi Gazteria eta Kulturaz arduratuko da; Goiztidi Diez Berdintasun batzordean eta Gizarte Ekintza, Lankidetza eta Inmigrazioan izango da buru; eta Garapen Iraunkorra eta Parte Hartzeko batzordeburua Iker Oceja izango da.
Erakunde autonomoak
Udalaz gaindiko eta udalaren menpeko beste organuen ordezkariak ere izendatu dituzte. Durangoko erakunde autonomoei dagokienez, estatutuak aldatu dituzte, eta batzordeek hamar ordezkari izan beharrean, hamaika izango dituzte Bartolome Erzilla musika eskolan, Udal Euskaltegian, Durangoko Kirolaken eta Astarloa Kulturgintzan.
Aralarrek ordezkari kopurua sei zinegotzitara -lehendakari bat eta alderdi bakoitzeko kide bat- pasatzea eta boto ponderatuaren bidez funtzionatzea proposatu du. Bilduk neurri horren alde egin du.
Idazkariaren txosten batek, ostera, lege barruan horrelakorik egin ezin dela dio. Dani Maeztu Aralarreko zinegotziak "interpretazio juridiko desberdinak" egon direla azaldu du, eta "aitzakia juridikorik" ez dagoela esan. Bilduko Urdaspal Bolinagak neurriak ekarriko lukeen "gastu murrizketa" nabarmendu du, eta "borondate politikoa" eskatu".
PSE-EE eta EAJk Aralarren proposamenaren aurka bozkatu dute eta PP abstenitu egin da. PSE-EEko Pilar Riosek "udalbatza ordezkatzeko" hamaika kide edukitzea ondo iruditzen zaiola adierazi du, eta kide berria (PSE-EEkoa) liberatua dela eta ez lukeela kobratuko adierazi du. EAJko Goiztidi Diezek 2003 eta 2007 artean hamaika kideko batzordeak egon zirela esan du: "horrek ez zuen dinamika apurtu".