Alderdien liberatuak mantenduko dituzte

Anboto 2011ko eka. 30a, 10:31

EUDELegaz duela lau urte egindako akordioaren baitan, 56.800 euro gordin kobratuko dute

EUDELegaz duela lau urte egindako akordioaren baitan,  56.800 euro gordin kobratuko dute. 

 

Asteon egindako udalbatzan udaleko batzordeak eratu dituzte eta alderdiek liberatu bana edukitzeko aukera onartu dute Durangoko Udalean. Liberatu horiek EUDELegaz adostutako 56.832,50 euroko soldata izango lukete.

 

Aralarrek eta Bilduk neurri horren kontra bozkatu dute. Aralarrek soldata administrazio laguntzaile baten soldatagaz parekatzea proposatu du; 34.100 euro. Bilduk liberazioen kontra egin du, euskara eta kultura arloetan baino diru gehiago gastatzen delako soldatetan; “norberak bere talde politikoarentzat  herriaren diruagaz behar egiteko”.

 

EAJko Goiztidi Diazek liberatua edukitzea edo ez alderdi bakoitzak erabaki behar duela gogoratu du: “Liberatua izateak ez du esan gura lan hobeto egingo denik, eta ‘herritik nator, herriarentzat lan egitera’ esateak ere ez”.

 

Parte-hartze Batzordea
Lan batzordeek hamarna kide zituzten lehenago, eta legegintzaldi honetan hamaika izango dituzte. Aurreko batzordeek jarraituko dute lanean, eta Garapen Iraunkorraren Batzordean herritarren parte hartzea ere landuko dute. Neurria PSE-EEren proposamena izan dela azaldu du Pilar Riosek: “Herritarren parte-hartzea zeharka alor guztietan landu behar da, aurrekontu parte-hartzaileak jorratzeko”.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!