Zapatuan, hilak 18, egun osoko egitarauagaz ospatu zituen 25 urteak Intxaurre Elkarteak.
Txikitik handira, Intxaurretik herrira leloagaz hainbat ekimen burutu dira Intxaurre Elkartearen 25.urteurrena ospatzeko. Herritar ugarik bat egin zuten zapatuan antolaturiko egun osoko jaiarekin. Festa goizetik hasi zen, eguraldia lagun, eta musikak alaiturik. Gazteez gain, familia osoak ere ikusi zitezkeen; umeek gaztelu puzgarrian jauzi egin bitartean, nagusiek kupeleko sagardoa dastatu zuten.
Eguerdiko 14:00etan ektialdia egin zen; bertan, mende laurden honetako ibilbidea gogoratu zen, besteak beste. Ekitaldi hunkigarriaren ostean, 300 lagun inguruk bazkaldu egin zuten Intxaurre alboan zegoen karpan. Bazkalostean, Pantxo eta Arantxak kantaldia eskaini zuten; gero, Debako elektrotxarangarekin alde zaharreko kaleak girotu zituen. Egunari amaera emateko, kontzertuak egon ziren karpan: Delirium Tren Ez, Tribute To Rip eta Luhartzek festa goizaldera arte luzatu zuten.