650 pertsonatik gora batuko da zapatuan Munduko Arrozak jaian

Anboto 2011ko eka. 16a, 09:00

Zapatu eguerdian hogei talde baino gehiago gerturatuko dira Ezkurdi plazara, arroza prestatzera. Arroza kultura askotako jakia izanik, kultura arteko jaia izaten da Munduko Arrozak izenekoa.

Zapatu eguerdian hogei talde baino gehiago gerturatuko dira Ezkurdi plazara, arroza prestatzera. Arroza kultura askotako jakia izanik, kultura arteko jaia izaten da Munduko Arrozak izenekoa. Euskal Herriko hainbat herritan egiten da, eta Durangon hirugarren urtez ospatuko dute.

Bazkaritarako 650 lagunek eman dute izena, baina zapatuan, 14:30 inguruan, edonor hurreratu daiteke Ezkurdira arroza probatzera. Norbanako eta herriko hainbat elkarte ibiliko da sukaldari. Izan ere, ekimena Zubiguneak Durangoko elkarteen parte-hartze tailerrak antolatzen du, eta bertan mota askotako elkarteak daude. Garapen komunitarioan elkarrekin behar egiteko tailerra da Zubiguneak.

Aldarrikapen eguna
Jai giroa eta kultura aniztasuna izango da nagusi zapatuan, eta baita aldarrikapena ere. Iaz Haitiren aldeko Durangoko Haiti Gogoan kanpaina amaitu zuten Munduko Arrozak egunean.

Aurten, krisia eta inmigrazioa lantzen dituzten bideoak ipiniko dituzte. Horrez gainera, lehenengo biderrez bidezko merkataritzako salmenta postua ipiniko dute, eta joko kooperatiboak egongo dira umeentzat. Egun osoan hainbat kultur emanaldi ere egongo dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!