Umeek eskolara joan-etorriak zelan egiten dituzten aztertu dute Landako Eskolan. Ibilbide bi zehaztu dituzte bide hori elkarrekin oinez egiteko eta aste honetan egingo dute lehen proba.
Guraso boluntario batzuen laguntzagaz Landako Eskolara taldean eta oinez joango dira ikasle batzuk gaur hasi eta barikura arte. Landako eskolara oinez ekimenaren lehen proba izango da. Eskolara joateko ibilbide bi pentsatu dituzte, eta mugikortasunean eta umeen autonomian eragin gura dute proiektuaren bidez.
Egitasmoa Durangoko Agenda21eko sailak bultzatu du eta Udalsarea21ek finantzatu. Datorren asteko esperientzia pilotuaren emaitzak ikusi eta gero eskolan ekimena finkatu edo ez erabakiko dute, eta finkatzen badute, Durangoko beste ikastetxeei ere proposatuko zaie.
Umeek eskolara joan-etorriak egiteko dituzten ohiturak aztertu eta gero antolatu dituzte ibilbideak, eta datorren astean goizetan egingo dute proba, bederatziretarako umeak eskolara eramanez. Ibilbideetako batek irteera bi edukiko ditu; Iurretatik –txapa lantegi zaharra zegoen parke berritik– eta San Ignazio auzunetik irtengo dira guraso boluntarioz eta ikaslez osotutako taldeak, eta Mikeldi kalean batuko dira eskolara jarraitzeko. Bigarren ibilbideak Kurutziaga kaletik irtengo du, Garai jauregitik.
Ibilbide horiek zehazterakoan umeak non bizi diren hartu dute kontutan, eta joan-etorriak mugikortasun eta irisgarritasun irizpideak kontutan hartuta diseinatu dituzte. Proiektuak aurrera jarraitzen badu, beharrezko bada beste ibilbide batzuk sortuko dituzte.
Inkesta
Udaberri hasieran hasi zuten Landako eskolara oinez ekimena, mugikortasunaren gaineko diagnosi bategaz. Lehen Hezkuntzako ikasleei galdeketa bat luzatu zieten, eta eskolarako joan-etorrien gainean hainbat ondorio atera daitezke ikasle eta gurasoek betetako inkestetatik; Landako Eskolara umeen % 85 oinez joaten da, esaterako, eta hamarretik bat autoan doa.
Umeen autonomiari dagokionez, erdia baino gehiago (% 51) nagusi baten laguntzagaz joaten da eskolara. Zikloka, Lehen Hezkuntzako lehen zikloan umeen % 86 doa nagusiren batekin; bigarren zikloko umeen kasuan, % 54; eta 5. eta 6. mailako ikasleei dagokienez, ikasleen % 23ri nagusi batek laguntzen dio.
Bide segurtasunaren arloan, eskolarako bidean hamar ikasletik zazpik ez dute arriskurik somatzen. Inkestatuen % 30ek berriz bai, eta zebra-bideak, trena eta bidegurutzeak lako elementuak aipatu dituzte arrisku horiek zehazterakoan.