Aurrekontu parte-hartzaileei buruzko eztabaida, zapatuan

Anboto 2011ko eka. 3a, 08:45

Gaia taldeka landuko dute Andra Marian, Parte Hartuz masterreko kideekin

Gaia taldeka landuko dute Andra Marian, Parte Hartuz masterreko kideekin.

Elkarteen eta norbanakoen parte-hartzeari buruzko iritziak jaso ondoren, Parte Hartuz masterreko kideek biharko hitzordu berria ipini dute:  11:00etan Andra Mariko elizpean aurrekontu parte-hartzaileen gainean sakonduko dute eztabaida taldeetan banatuta.

Aurrekontu parte-hartzaileak sortzeko metodologia diseinatzeko pausuak dira orain artekoak. Durangoko Udalak Parte Hartuz masterreko kideei metodologia hori prestatzeko eskatu die.

 Biharko eztabaida-saioaren ondoren, hilaren 9an formakuntza tailerra eskainiko dute EHUko iralkasleek; aurrekontu parte-hartzaileak sortzeko metodologiaren diseinua landuko dute. Joseba Landa masterreko kideak azaldu duenez, “tailer horretatik txosten bat aterako da, eta hori alderdi politikoei aurkeztuko diegu”. Liburutegian hasiko da tailerra, 18:30ean.

Durangarren erantzuna

Joan den eguenean norbanakoen iritzia jasotzeko hiru galdera luzatu zizkieten masterreko kideek durangarrei: “Durangon parte hartzen da?”; “Zer dakizu aurrekontu parte-hartzaileei buruz?”; “Zelan diseinatuko zenuke horrelako aurrekontuak egiteko metodologia?”. Landak adierazi duenez, orokorrean Durangon parte-hartzeko kanalak "nahiko eskasak" dira gerturatu zirenen iritziz. Aurrekontu parte-hartzaileak egitea “oso interesgarria” dela pentsatzen dute, baina “praktikan egitea gaitz ikusten dute”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!