Herria tabernan egongo da terraza berezia datozen hamabost egunetan. "Urtaroetara mugatuta ez dauden terrazak" edukitzeko moduak aztertzen eta ekarpenak batzen dabiltzala adierazi du +Dendak elkarteak. 2012ko urtarrilerako berriztu gura dute terrazen ordenantza.
Durangon, merkataritza bultzatzeko helburua duen PERCO mahaian terrazen ordenantza berritzen dabiltza. Tabakoaren legea dela eta terraza bereziak ipintzeko aukera aztertzen dabiltza, eta +Dendak elkarteak TKShed enpresa zornotzarrak egindako eredu bat ekarri du Herria tabernara, "herritarrek, ostalariek eta talde politikoek ikusi, ebaluatu, eta ekarpenak eman ditzaten".
Herria taberna parean ipinitako egiturak bi zati ditu: sabaia eta manparak. Roberto Azkoiza TKShed enpresako arduradunak azaldu du sabaiak eguzki filtroa duela, eta izpi ultramoreak iragazten dituela. "Ura batzeko kanaloiak ere baditu, eta haizea, elurra, edo txingorra jasan ditzake". Manparek hainbat posizio izan ditzateke, eta 2,10 metroko altueraraino ipini daitezkeela azaldu du Azkoizak. Hainbat formatako modeloak dituztela nabarmendu du. Led teknologiako lanparak dauzka egiturak eta eguzki plaka batek sortutako energiaz pizten dira.
Taberna bakoitzak terrazarako espazio desberdina duela eta, zer aukera dauden aztertu beharko dela azaldu du Guillermo Oarbeaskoa +Dendakeko presidenteak. Hamabost egunetan terraza berezia erabiltzeko proban edukiko dute, eta "terrazen araudia moldatu eta horrelako egiturak ipintzea bideragarria ote den ikusi beharko da", Oarbeaskoaren berbetan.
Herritarek euren ekarpenak +Dendak-en eman ditzakete, Plateruen plazan. Astelehenetik barikura 19:00ak arte daukate zabalik bulegoa.
Terrazen ordenantza datorren urteko urtarrilean onartu gura dutela azaldu dute PERCO mahaiko kideek. Udal taldeek azaldu dutenez, "ordenantza fiskalekin batera" onartu gura dituzte.