Obren martxa erakusteko kazetariak deitu dituzte. Ernesto Gasco garraio sailburuordeak azaldu duenez, Jaurlaritza prest dago libre geratuko diren lurrak udalari uzteko, "bertan udalbatza berriak erabakitzen duen proiektua" martxan jar dezaten.
Traña-Matienatik Santa Poloniara tunela eginda dagoela azaldu dute gaur obraren arduradunek. PSE-EEk geltoki berria egongo den lekura bisita antolatu du, eta obren erritmoa "ona" dela nabarmendu du Ernesto Gasco garraio sailburuordeak.
Proiektua moldatu egin dela azaldu du Gascok, eta hasieran 70 milioiko kostua aurreikusten bazen orain 218 milioi kostatuko dituela: "Hirukoiztu egin da kostua. Honako hau Euskotrenek inoiz egin duen inbertsiorik handiena da". Bi urteotan "lan erritmoak bizkortu" egin direla adierazi du garraio sailburuordeak, eta datorren legegintzaldian, "egoera ekonomikoak okerrera egiten ez badu" obrak amaituko direla: "Urte eta erdi barru elkartuko gara hemen, trena hartzeko".
Trenbide berriak errail bi izango dituela nabarmendu du Gascok: "trenen maiztasuna handiago izan ahalko da". Beharrak amaitzean, Bilbotik lebariora bi errail egongo dira trenbidean.
Libre geratuko den lursaila
Orain geltokia eta kotxetokia dauden lursailerako egitasmoa aldatu egin dela berretsi dute ordezkari sozialistek. Pilar Rios Durangoko zerrendaburuak azaldu duenez, "dagoeneko ez dabiltza luxuzko dorrei buruz berba egiten, ezta Zaha Hadiden eraikinari buruz ere. Egoera ekonomiko honetan zer instituziok gastatuko lituzke 70 milioi euro bulegoak ipintzeko eraikuntza baten?"
Garraio sailburuordeak adierazi du Eusko Jaurlaritza prest dagoela udalari lursail hori uzteko: "elkarrizketaren alde gaude eta udalbatza berriak erabakitzen duena eraikitzeko lurrak uzteko prest gaude". PSE-EEren proposamena lur horretan UNEDentzako eraikin bat egitea da, baina ez dute beste proiekturik baztertzen, Kiroleneren egoitza berria kasu.