Kirol titulazioak ateratzeko ikastetxearentzat eraikin berria trena lurperatzean libre geratuko den lursailean egitea proposatu du, eta etxebizitza arloan \"politika orokorrak\" garatzea
Kirol titulazioak ateratzeko ikastetxearentzat eraikin berria trena lurperatzean libre geratuko den lursailean egitea proposatu du, eta etxebizitza arloan \"politika orokorrak\" garatzea.
\"Durango sozialki kohesionatzeko eta zerbitzuen hiria izateko\" proposamenagaz ekin dio Aralarrek hauteskunde kanpainari. Azpiegituren gaineko proposamenak aurkeztu ditu: Kirolene ikastetxearentzat eraikin berria trena lurperatzean libre geratuko den lursailean egitea proposatu du, eta etxebizitza arloan \"politika orokorrak\" garatzea.
Kirol titulazioak ateratzeko Kirolene ikastetxea \"txiki\" geratu dela azaldu du Dani Maeztuk: \"Geroago eta titulazio gehiago daude eta Kiroleneko langileek diote eraikina honezkero ez dela nahikoa\". Hori ikusita, Eusko Jaurlaritzak hasiera baten Euskotrenen egoitza egitea aurreikusi zuen lursailean Kirolene berria egitea porposatu du Aralarrek. Maezturen berbetan, \"ez luke zertan kostu ekonomikorik eduki\". Lursail horretan egingo diren etxebizitza dorreengatik eta babeseko etxebizitzengatik Eusko Jaurlaritzak udalari dirua emango diola azaldu du Maeztuk.
Etxebizitza arloa
Etxebiden izena emanda 1.198 durangar daudela azaldu du Dani Maeztuk. Babes ofizialeko etxeak eraikitzeko aukerak aztertu eta \"politika orokor bat\" egitea planteatu du Aralarrek: \"jabetzarako eta alokairurako etxebizitzak zelan eskaini behar diren planifikatu behar da, alokairuzkoei lehentasuna emanda\". Etxebizitza dotazionalak izenekoak ere proposatu ditu Aralarrek: \"Alokairuzko etxebizitzak izango lirateke, gazteei begira\". Etxebizitza mota berezi hauetan hainbat instalazio eta zerbitzu elkarbanatu egingo lituzkete. Arripausuetan egitea planteatu dute, Viveros Areitio egon zen lekuan. \"Nahiko merkeak\" izango lirateke, urbanizazio kosturik izango ez lukeen lursailean egitea planteatzen dutelako.
Durangon etxebizitza hutsen zentsorik ez dago, baina eskualdeko datuak ikustia, herrian 1.300 etxe huts daudela kalkulatu dute Aralarreko kideek. Hutsik dauden etxeak okupatzeko proposamena aurkeztu dute: \"35 urtetik beherakoentzat, alde zaharrean etxea erosten badute berriztatze lanak diruz laguntzea\". Hori eginda, \"etxeak okupatzea erraztu eta gazteak alde zaharrera erakarriko lirateke\" Dani Maezturen ustez.
Beste proposamen batzuk ere aipatu dituzte Durangoko Aralarreko kideek. Proposamenen artean leudeke San Agustineko jauregi zaharrera zerbitzu sozialak eramatea eta kultur etxea Merkatu Plaza gainean eraikitzea, besteak beste.