Turismo bulegoan hainbat herritarrek eskatu dutela eta, zapatu-domeketan Kurutzesantu museoa eta Tabirako San Pedro bisitatzeko taldeak sortuko dituzte. Turismo bulegoan eman behar da izena.
Turismo bulegoan hainbat herritarrek eskatu dutela eta, zapatu-domeketan Kurutzesantu museoa eta Tabirako San Pedro bisitatzeko taldeak sortuko dituzte. Turismo bulegoan eman behar da izena.
Zapatu honetan hasiko dituzte bisita gidatuak Durangoko turismo bulegotik. Bi bisita mota antolatu dituzte. Batean Erdi Aroko Durangoren gainean egingo dute berba eta Kurutzesantu museoa bisitatuko dute. Bestean, museoa ere bisitaren parte izango da, eta horrez gainera, Tabirako San Pedrora ere joko dute. Natalia de Naveran turismo teknikariak azaldu duenez, \"batzutan herritarrek ez dituzte turistek aukera berak eta durangar asko gerturatu da informazio eske\".
\"Erdi Aroko Durango eta Kurutzesantu museoa\" izeneko bisita domeka honetan eta hilaren 22an egingo dute euskaraz, 12:30ean, eta gazteleraz maiatzeko zapatu guztietan egingo dute, 10:30ean. \"Kurutzesantu museoa eta Tabirako San Pedro eliza\" bisita, berriz, maiatzaren 15ean eta 29an egingo dute euskaraz 12:30. Gazteleraz zapatu guztietan irtengo dute, 12:30ean. Ordu eta erdiko bisitak izango dira.
Turismoa urtarriletik apirilera
Bisita horien berri emateaz gain, urtea hasi denetik Durangora etorri diren turisten datuak eman ditu Turismo sailak. Lau hileotan 1.751 kontsulta izan dituztela azaldu dute, eta Lariz dorrean bulegoa dagoenetik zifra hori hazi egin dela nabarmendu dute. Aitziber Irigoras Durangoko alkatearen esanetan, \"Alde zaharrean kokatuta egon eran, Erdi Aroko Durango ikustera datorrenak eskura dauka turismo bulegoa\".
Bulegoko langileengana gerturatu diren pertsonetatik % 42 durangarrak izan dira. \"Izan ere, Durango eta eskualdeko informazioaz gain bidaiateka dago bulegoan, kanpoko informazioagaz\", azaldu du Aitziber Irigoras Durangoko alkateak. Bisitarien % 28 Araba, Bizkaia edo Gipuzkoatik etorri da. Bisitariek Durango eta durangaldeari buruzko galderak egin dituztela nabarmendu du alkateak. Nabarmendu du \"arlo honetan udalek elkarlanean ibiltzeko ahaleginak\" behar direla.