Hiru lankideren kaleratzeak salatu dituzte Tabira egoitzako langileek

Anboto 2011ko api. 29a, 12:45

\'Justifikazio bako\' kaleratzeen kontra egoitza eta eguneko zentroaren aurrean elkarretaratzea egin dute Tabira egoitzako langileek. Lankideak berriro onartu arte mobilizazioak egingo dituzte azaldu dute.

\"Justifikazio bako\" kaleratzeen kontra egoitza eta eguneko zentroaren aurrean elkarretaratzea egin dute Tabira egoitzako langileek. Lankideak berriro onartu arte mobilizazioak egingo dituzte azaldu dute. Tabira egoitzan kontratu finkoa zuten hiru langile kaleratze objetiboa delakoaz kaleratu dituzte. Hori dela eta, protestak hasi dituzte langileek. ELAk deituta, gaur goizean ordu erdiko elkarretaratzea egin dute, eta datozen asteetan mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute, \"ahalik eta langileak berriro kontratatu arte\". Ander Akarregi ELAko ordezkariak azaldu duenez, duela sei hile hasi ziren arazoak: \"soldaten ordainketan irregulartasun batzuk antzeman genituen\". Orduko kexei \"kaleratze mehatxuagaz\" erantzun zietela azaldu du Akarregik, eta gerora suspentsio espedientean sartu zela egoitza. Duela hiru hile langile bat kaleratu zutela azaldu du, eta duela gutxi beste hiruk kaleratze agindua hartu dutela. Diru arazoak zuzendaritzaren \"kudeaketa txarragatik\" izango dituztela pentsatzen dute langileek: \"ez dugu ulertzen bestelakorik egoitza ia beti beteta egoten da eta\". 18 erabiltzailerentzako lekua daukate Tabiran, eta Akarregik adierazi duenez, \"urteko batazbestekoa 16 erabiltzailerena da\". Egoitzan langileak behar direla pentsatzen dute kaleratuen lankideek. Egoitzaren kudeatzaileek akordiorako hainbat baldintza proposatu dizkiete. ELAko ordezkariaren esanetan, \"behin-behineko langileak bota, eta finkoei kategoria eta soldata jaitsi gura diete\". Momentu honetan soldatak berandu jasotzen dituztela adierazi du, eta apirilekoa kobratu barik daukatela. Lan-egutegian ere moldaketak egin gura dituztela salatu du, \"egoera bideragarriezinak\" egongo liratekeelako tartean: \"txanda baten, esaterako, ezinezkoa da pertsona bakar batek 16 zaintzea\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!