"Jolas eta ekintzen bitartez euskaraz bizitzea dugu helburu"

Anboto 2011ko api. 19a, 10:44

Ekainaren 27tik uztailaren 29ra egingo dituzte udalekuak 3 eta 10 urte bitarteko umeentzat; prestaketa lanetan murgilduta daude

Ekainaren 27tik uztailaren 29ra egingo dituzte udalekuak 3 eta 10 urte bitarteko umeentzat; prestaketa lanetan murgilduta daude Euren aurpegiak ezagunak egingo zaizkie Durangoko ume, gazte eta guraso askori. Berbaroko begiraleak dira Oihane, Nerea, Amagoia eta Nahia. Udan Olgetan herri kanpamentuen berri eman digute; Berbaroren apustu propioa da aurtengoa, eta ilusioz dabiltza antolaketan. [imgd]http://www.anboto.org/images/9200/9209/1.jpg[/imgd] Aurten ere kanpamentua prestatuko duzue udarako. Astean zehar, arratsaldetan, Olgetan izeneko ludoteka kudeatzen dugu Plateruenean, eta horri segida emanda, udan ere Udan Olgetan eratu dugu. Urte askoan udalaren udalekuak kudeatu izan ditugu, eta aurten geureak egitea erabaki dugu. Gure helburuekin, eta guk nahi erara. Eskaintza berriak kalitatea irabaziko duela uste dugu. Udari begira zaudete, beraz. Klaseak amaitu eta jarraian hasiko gara udalekuekin. Goizez izango dira, 09:00etatik 13:30era. Astean behin, irteera bat egingo dugu eta 16:30 arte iraungo du. Ibaizabaleko instalazioak lortu ditugu Tabiran; beraz, ingurune eta espazio aldetik leku onean izango da. Ekainean gurasoendako batzar bat deituko dugu, eta instalazioak ezagutzeko aukera izango dute. Zer ekintza egingo dituzuen aurreratzerik badago? Bost aste izango dira, eta bakoitzean gai bat landuko dugu, bloke legez. Baserria, artea, ura, lanbideak eta mitologia gaiak planteatuko ditugu. Horregaz lotutako ekintzak egingo dira; adibidez, Axpeko baserri batera joan eta animaliak ikusi zein ortuan ibiltzeko aukera izango dute umeek. Zer helburu du Berbarok udaleku hauei begira? Euskara elkartea izanik, egunerokotasunean euskara erabiltzea bultzatzen dugu; jolas eta ekintzen bitartez euskaraz bizitzea bilatzen dugu. Euskal kultura ere lantzen da: ohiturak, jairen bat, ginkana bidez Durango ezagutzea, antzerkia... Ingurugiroagaz lotutako ekintzak ere egingo ditugu. Zuek zelan prestatzen zarete? Udalekuetara doazen begiraleak hezitzaileak dira, titulua daukate. Horretaz gainera, udalekuak baino lehenago informazio saioa egiten dugu adituekin, hainbat arlo lantzeko: hezkidetza, kulturartekotasuna... Programazioa ere aztertzen dugu bertan. Ez du lan errazaren itxurarik zuenak... Azken batean, begirale baten lanean ardura asko sartzen dira. Umeak zaindu behar dituzu, euren beharrizanak bete ere bai, hezitzaile izaera hori ere tartean da... Gurasoak ere han ibiltzen dira eta batzuetan ez da erraza izaten aguantatzen! (barrez). Umeak heldu aurretik, 08:00etan, dena prestatzen gabiltza, eta joan eta gero ere balantzea egiten geratzen gara. Gazteak izan arren, esperientzia ere hor dago... Aurten ere udalekuetara doazen begiraleak esperientzia handiakoak dira. Guretzat oso garrantzitsua da hori. Demagun ume bat haserretu dela edo ez duela ekintzan parte hartu gura. Normalean ez da arazo potolorik gertatzen. Jolas edo zenbait tekniken bidez umea animatu eta integratzea lortzen duzu. Zerbait gertatzen bada, begiralea bertan izaten da umeagaz, eta egun amaierako balantzean lantzen dugu, denon artean, koordinatzaileagaz eta zuzendariagaz. Dena dela, momentu onak gailenduko dira, ezta? Bai. Asko eta asko egoten dira. Sarritan uste dugu hiru urteko ume batek ezin duela ezer egin; \"Ai, nire umea!\" diogu. Eta esaterako, igerilekuan dibertitzen dira. Hori bai, kontrol bategaz. Anekdota moduan, behin Bilbora trenean joan eta gero tranbia hartu genuen. Abentura bat izan zen! Guztia oso ondo lotuta edukitzean dago gakoa. Zer egin behar da informazioa jasotzeko? gazteak@berbaro.com helbidera idatzi edo 94 620 25 40 zenbakira deitu!
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!