Sapuetxea botatzea onartu dute 2011ko aurrekontuetan

Anboto 2011ko mar. 31a, 10:40
31 milioi euroko aurrekontua EAJren eta PPren botoekin onartu dute
31 milioi euroko aurrekontua EAJren eta PPren botoekin onartu dute. Aurrekontuen osoko bilkuran Sapuetxeko 30 bat lagun kaleratu dituzte martitzen honetan. Gaztetxea botatzea onartu dute aurrekontuen barruan, eta horren kontrako protesta egitera gerturatu dira gazteak udaletxera. PSE-EEk egindako emendakin baten bitartez onartu dute gaztetxea eraistea. Udalak 200.000 euro inguru beharko ditu horretarako. Gobernu taldeak proposamen hori onartu egin du, eta alderdi popularrak aldeko botoa eman dio batzordean, beraz, aurrekontuen zirriborroan barneratuta egon da. EAJk eta PPk alde bozkatuta, 31 milioiko aurrekontua onartu du udalbatzak, eta, beraz, gaztetxea botatzeko diru atala ere bai. Sapuetxeko gazteek hitza hartu gura izan dute osoko bilkuran, baina alkateak pleno amaierara arte itxaroteko eskatu die. Gazteek, baina, ez dute itxaron gura izan: \"Amaieran zertarako egingo dugu berba, ordurako bozkatuta egongo bada?\", zioten gazteek. Talde mistoko eta Aralarreko zinegotziak izan ezik beste guztiek aretoa utzi eta gazteei aretotik irteteko eskatu die udaltzain buruak. Hauek, ezezkoan, \"Sapuetxe bizirik\" lako mezuak erakutsi dituzte gaztetxearen aldeko oihuak eginez. Azkenean udaltzainek indarrez atera dituzte pleno aretotik.

PPren babesa Alderdi popularrak aurrekontuen alde bozkatu du, euren 12 emendakinetik 10 onartu dituelako gobernu taldeak, eta \"erantzukizunez\"jokatu gura izan dutelako. Aralarrek eta Talde Mistoak kontra bozkatu dute. Talde Mistoak osotasuneko emendakina aurkeztu du, kudeaketa ereduagaz bat ez datozelako; besteak beste, \"aurrekontuen eztabaida zerga politikarenagaz batera\" egin beharko litzatekeela azaldu dute. Aralarrek euren proposamenei \"dirurik ez dagoela\" erantzun dietela salatu du, eta zerga eta tasen igoera aldarrikatu du; \"badaude tresnak dirua batzeko, baina ez dira behar den moduan erabili\". PSE-EE abstenitu egin da. Hamasei emendakinetik bi onartu dizkietela azaldu du Pilar Rios bozeramaileak, eta ezezkoa ez dutela bozkatu \"PSE-EErentzat lehentasuna duten proiektuak\" dituelako aurrekontuak: Urki-Hegoalde lotunea eta San Faustoko zentro zibikoa, kasurako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!