Italiako abiazioak bonbak jaurti ahala egindako argazkiak ekarriko dituzte

Anboto 2011ko mar. 28a, 08:40

Gerediaga elkarteko kideak Erroman dira egunotan, argazkiak eskuratzen

Gerediaga elkarteko kideak Erroman dira egunotan, argazkiak eskuratzen. Martxoaren 31ko ekitaldien barruan, aurten Durangoko bonbardaketan Italiako hegazkinek ateratako argazkiak aurkeztuko dituzte. Erromako artxibo militarrean daude, eta egunotan Gerediaga elkarteko Jon Irazabal eta Txelu Angoitia bertan dira, argazki horiek ikusi eta digitalizazio prozesua hasten. Hegazkinetatik ateratako argazki horien bitartez, \"Durangon bonbak non bota zituzten argiago jakin\" ahalko dela azaldu dute Gerediagako kideek. Datorren eguenean 74 urte beteko dira Durango Aviazione Legionariako hegazkinek lehenengo biderrez bonbardatu zutenetik. Azkeneko urteotan egin den legez, egun hori gogoratzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte Berbarok, Gerediagak, Kriskitinek eta Durangoko Udalak. Martxoaren 31ko bezpera Oroimen Eguna izan da azkeneko urteotan, eta horrela izango da aurten ere. Datorren eguaztenean, 19:30ean, San Agustin Aretoan Gerra Zibilaren kronika egingo du Juantxo Egaña argazkilariak, Euskal Herrian gerra denboran ateratako argazkien proiekzioagaz. Horren ondoren, Goitik ikusita aurkezpena egingo du Gerediaga Elkarteak, eta bertan Erromatik ekarritako bonbardaketaren argazkiak erakutsiko dituzte. Eguenean, bonbardaketaren urteurreun egunean, eguerdian izango da lehen ekitaldia kanposantuan. Bonbardaketako eta Gerra Zibileko biktimei omenaldia egingo die Durangoko Udalak, eta kanposantura joateko autobusa antolatu du; 11:30ean Komentukaletik irtengo du. Iluntzeko 20:00etan, berriz, Andra Mariko elizpean bonbardaketaren oroimen-ekitaldia egingo dute.

Dokumentala

Baleuko ekoiztetxea Bizkaiko bonbardaketen gaineko dokumentala filmatzen dabil , eta atzo Santa Susana elizan lan horren egitasmoa aurkeztu zuten. Oraingoz bederatzi herritako (tartean, Durango eta Otxandio) jendeak parte hartu du filmaketan. Herri guztietako testigantzak batu gura dituzte.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!