Ardoaren eta delicatessenaren hitzordu hau zapatu honetan izango da, 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Tomate Iberikoa \'Ort erara\' eta Gaztaren Tunela izango dira nobedade nagusiak.
Hainbat herrialdetako 80 upategi baino gehiago batuko dira IV. Durango Ardo Saltsan Ferian. Ardoaren eta delicatessenaren hitzordu hau martxoaren 26an izango da, 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Tomate Iberikoa \'Ort erara\' eta Gaztaren Tunela izango dira nobedade nagusiak.
Antolatzaileek prentsaurrekoa eskaini dute, Aitziber Irigoras alkatearen babesagaz, ekimenaren nondik norakoak azaltzeko. 250 ardo baino gehiago dastatu ahal izango dira, adierazi dutenez; aurten garagardo alemaniar bat ere aurkeztuko dute. Gainera, ardoaren eta gastronomiaren hitzordu honetan hainbat produktu dastatu ahal izango dira: olioa, urdaiazpiko iberikoa, ahatea eta haren produktu eratorriak, izokin eta hegaluze ketua, antxoak eta kafea, esate baterako. Sarrerak 12 euro balioko du eta erakusketan jarritako ardoak dastatzeko aukera emango du. Delicatessen produktuak dastatzeko, aldiz, prezio txikiko txartelak eskuratu beharko dituzte interesatuek. Horrez gainera, Saltsan Katerinak unean bertan prestatuko dituen pintxo txikiak ere dastatzeko aukera egongo da. Bisitariek dastaketa egiteko kopa bat, triptiko informatibo bat eta azokaren dendan salgai dauden ardoen zerrenda jasoko dituzte.
Durango Ardo Saltsan feriaren helburua kontsumitzaileei delikatessen elikagaiak eta EAEko, Estatuko eta nazioarteko upategi garrantzitsuenetako ardoak ezagutaraztea da; horien artean hauek azpimarratu dituzte: Itsasmendi txakolina, Mendraka, Bizkaiko Otxanduri, Mallorcako Ánima Negra, Australiako Penfolds eta Errioxa Jatorri-Deiturako Contino, Roda eta Muga ezagunak,Ribera de Duero Jatorri-Deiturako Viña Sastre eta Rias Baixas jatorri-deiturako Gerardo Méndez. Delicatessen produktuak ere erakusgai egongo dira: Valderrama olia, Cordobako Sierra Morena urdaiazpikoa, La Tostadora kafeak, Karmelo Toja antxoak, Gironako Imperia ahateak eta haren eratorriak, Mungiako Keia izokin eta hegaluze ketuak, Salinaseko mantekadak eta kabiarra, besteak beste. Aurten, bi produktu berri aurkeztuko dira: Garmesan gazta eta Tomate Iberikoa \"Ort erara\".
Iazko edizioan 1.300 lagun batu ziren Landako Gunean, eta Iñaki Uribek adierazi du gauden krisi sasoian kopuru hori mantentzen bada emaitza positiboa izango dela.
Nobedadeak
Bertaratzen direnek Gaztaren Tunela deskubritzeko aukera izango dute: Feriaren barruan egokituko den espazio honetan -5 euro gehiago ordaindu beharko dira- ahuntz, ardi eta behi-esneagaz egindako 20 gazta ipiniko dituzte dastatzeko. Tunelean gaztaren ehundurari, zaporeari, uztartzeari eta erabilera ezberdinei buruzko gaiak landuko dira. Bestetik, 13:30ean \"Ort erara\" dagoen Tomate Iberikoaren aurkezpena eta dastatzea egingo dira. Guadalhorceko eskualdeko (Malaga) tomate ekologiko hau \"Ort erara\" deituriko atmosfera jakin batean labean deshidratatzen da.
Saltsan Katerina miniaturazko sukaldaritzaz arduratuko da eta Fagor eta Koala enpresek ardoaren munduarekin lotutako era guztietako osagarriak aurkeztuko dituzte.
Ferian ardoak, miniaturazko sukaldaritza, delikatessen produktuak, olioak eta kafeak uztartuko dira eta horiek guztiak erosteko aukera ere badago, baina, benetan feria hau besteengandik bereizten duen ezaugarria kalitatea da.
Programa turistikoa
Durangoko Turismo Bulegoak ostatua, gosaria, bisita gidatua eta feriako sarrera barnebiltzen dituen \"Ardo Saltsan\" izeneko berariazko programa turistikoa prestatu du. Eskaintzak hainbat aukera ematen dizkio turistari, 47 eurotik hasita 90 euroraino.
Ekitaldiak Durangoko Udala,BBK, La Tostadora Kafeak, Gaursa Autoak, Eusko Label, Fagor eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza dauka eta baita Bitácora Gráfica, Aguas San Pellegrino, Escuvin, Bodegas Arane, Vinos Singulares eta Gran Hotel Domine-ren lankidetza ere.