Erralde hiltegiak Durangon dituen azpiegituren alokatze-kontratu berririk lotu denik ukatu dio Aitziber Irigoras alkateak Herria auzo elkarteari, azken horrek jakin eragin duenez. Herriak \"gatazka konponduko\" duen proposamena ere luzatu dio.
Erralde hiltegiak Durangon dituen azpiegituren alokatze-kontratu berririk lotu denik ukatu dio Aitziber Irigoras alkateak Herria auzo elkarteari, azken horrek jakin eragin duenez. Herriak \"gatazka konponduko\" duen proposamena ere luzatu dio.
Horrela gezurtatu du Herria auzo elkarteak, ohar baten bitartez, Udalarenak diren eta Erralde Hiltegia S.L. enpresak erabiltzen dituen azpiegituren alokatze-kontratuaren inguruan Jabier Azpitarte hiltegiko lehendakariaren berbetan zenbait hedabideetan agertutako adierazpenak. \"Alokatze-kontratua urte birako luzatu\" dela egiaztatu zuen Herriakoen berbetan.
Durangoko alkate Aitziber Irigorasekin hartu-emanean jarrita, honek adierazpenok \"gezurtatu\" dizkio Herriari: kontratu berririk lotu ez dela baieztatu dio, eta Erralderi jakin eragin zaiola kontratua otsailaren 28an amaitzen zela, \"bai idatziz bai ahoz\".
\"Alternatiba\" proposatu du Herriak
Bestalde, \"sortutako gatazka\" behin betiko \"konponduko\" duen \"alternatiba\" proposatu dio alkateari Herria auzo elkarteak, gaineratu dutenez: Erraldegaz \"behin behinekotasun klausula eta iraupena\" baldintza batzuri lotuta izango lituzkeen alokatze-kontratu bat lotzea: Kontratua sinatzen den egunetik 2011ko ekainaren 30a bitartean luzatuko litzake, diotenez, eta hori indarrean den epean datozen agiriak aurkeztu beharko lituzke errentariak: Berrizen egitekoa den hiltegiaren ejekuzio egitasmoa onartzeko udalaren baimenerako agiriak, aurreikusitako urbanizazio eta eraikitze lanen zuinketaren eta lanen hasiera eraginkorraren egiaztapen akta, eta, obrarako eta hiltegi berria martxan jartzeko aurreikusitako aurrekontuaren finantzazioa bermatuko duten instituzio publikoen, banketxeen… egiaztagiriak.
Aipatutako epean agiriok aurkeztu ezean kontratua iraungiko litzake, eta alokatutako instalazioak utzi beharko lituzke errentariak. Horrela argitu du Herria elkarteak. Agiriak aurkeztuta, berriz, \"obrarako aurreikusitako epean\" luzatuko litzake kontratua; \"hala ere, ezingo da inoiz ez 2013ko otsailaren 28a baino gehiago luzatu\".
Herriako arduradunek azaldu dutenez Alkatetzak \"ondo hartu\" du proposamena. Era berean, \"ahalik eta arinen\" Hirigintza Batzordean parte hartzeko eskaera egin dute, \"Udalean dauden alderdi politikoei gure proposamena helarazteko eta hiltegiaren inguruan bizi diren herritarren etengabeko kexak eta egonezin orokorra azaltzeko\".
Erraldeko Zuzendaritzak \"bere egunean hartutako akordioak etengabe bete ez izanagatik\" hartu du erabakia Herriak, nabarmendu dutenez.