Durangoko PSE-EEk iragarri duenez, \"lehenengo faseko lanak apirilean hastea\" aurreikusi dute.
Durangoko PSE-EEk Hirigintza Batzordean sustatzen ari diren proiektuen gaineko prentsaurrekoa eman zuen eguenean eta, iragarri zuenez, Tabira Sabeco inguruko biribilguneagaz lotuko duen saihesbideak \"bultzada erabakiorra jaso du azkeneko hileetan\". Sozialisten esanetan, lehenengo tramuko lanak lizitazioan daude eta 15 enpresek aurkeztu dituzte proiektuak. Orain horien artean lanak nori eman erabaki beharko dute. \"Hori eginda lanak apirilean hasiko direla kalkulatzen dugu\", adierazi du Pilar Rios Durangoko PSE-EE alderdiko zinegotziak.
Saihesbidearen lehenengo faseko lanen lizitazioa 907.264 eurokoa da. Asmoa saihesbide osoa hiru fasetan egitea da; 2011, 2012 eta 2013 urteen artean. Guztira 4,3 milioi euroko inbertsioa eskatuko du. EAJk oraintsu aurkeztu duen aurrekontuen zirriborroko inbertsioen atalean inbertsio nagusi bi zeuden, eta horietako bat, hain zuzen ere, Urki-Hegoaldeko loturari zegokion.
PSE-EEren ustez, saihesbideagaz Larrasoloeta eta Juan de Iciarreko bizilagunen eta Okaranza ingurutik ibili ohi diren oinezkoen \"segurtasuna hobetuko da auto emaria gutxitu egingo delako\".
Bestalde, PSE-EEk aurrekontuen zirriborroari ipinitako emendakin batean eskatu du Fray Juan de Zumarraga eta Alluitz artean biribilgunea egitea eta inguru hartako bidegurutzeak berrantolatzea.