Inauteriak ospatzeko ikuskizun berezia prestatu du Gozategik Gurrutxaga, Sarriegi eta Sukia bertsolariekin elkarlanean; taldearen kantak eta bertsoak uztartuko dituzte inauteri gaueko jaian.
Inauteriak ospatzeko ikuskizun berezia prestatu du Gozategik Gurrutxaga, Sarriegi eta Sukia bertsolariekin elkarlanean; taldearen kantak eta bertsoak uztartuko dituzte inauteri gaueko jaian.Jai berezia antolatu duzue zapaturako. Kontzertuaz gainera, zer da prestatu duzuena?
Inauteria denez, mozorro festa da martxoaren 5eko Platerueneko emanaldirako antolatu duguna. Taldekideez gainera, hiru bertsolari ere izango ditugu geugaz oholtzan: Iñaki Gurrutxaga, Xabier Sukia eta Aitor Sarriegi.
Honen antzeko beste ikuskizunik antolatu duzue lehenago?
Bertsolariekin triki-bertso saioak antolatzen ditugula urteak dira, baina mozorrotuta egingo dugun lehenengo aldia da hau. Iñaki eta Xabier oriotarrak dira, ni bezala, eta Aitorrekin ere urteak dira harremana daukagula. Lehenago Bilbon eta Gasteizen egin izan ditugu bertsolariekin saioak.
Zelan antolatu duzue bertsolariekin emanaldia?
Emanaldiaren hasieran bertsolariek egingo dute ikuskizunaren sarrera, gero errepertorioko abesti batzuk joko ditugu guk, eta aurretik aukeraturiko doinuekin elkarrekin ere jardungo dugu.
Kontzertuko errepertorioa 2010ean kaleratu zenuten \'Bizi-bizirik\' diskoan oinarrituko da?
Bai, baina errepertorioan abesti berriak eta aurrekoak, denak uztartzen ditugu: lehenengo diskoetako abestiak ere jotzen ditugu.
Jo barik utzi ezin dituzuen abesti batzuk ere egongo dira...
Horrela da, bai: badaude abesti batzuk ezin ditugunak zuzenekoetatik kanpora utzi; Nor nori nork, Nirekin, Astelehena biharamun edo Korrika korrika kontzertu guztietan jotzen ditugu.
Zer aldaketa ekarri du \'Bizi-bizirik\' disko berriak?
Asko antzematen da, esaterako, metalen aportazioa. Musikari ikutu gogorragoa ematen diote, baina leuntasuna emateko ere balio dute haizezko instrumentuek. Lan egiteko modua ere berria izan da guretzat disko honen grabazioan; David Nanclares eta Asier Ercillagaz elkarlanean jardun dugu, eta nabari da disko honen grabazioan beste atrebentzia puntu bat.
Disko berrian ere hain ezagun egin ziren Gozategiren hasierako kanten letretako ikutu ironikoa mantentzen duzue.
Bai, hori da egiten dakiguna. Zapatuan Plateruenean eskainiko ditugun kanten letrak, neuk idatzitakoak dira batzuk, eta zapatuan geugaz arituko diren hiru bertsolariek idatzi eta geuk musikatu izan ditugunak beste zenbait.
Zapatuko kontzertua, gainera, taldekide baten despedida ere izango da...
Bai, taldean bateria jotzen duen eta Durangoko Rock Izar eskolan irakasle den David Gorospe Los Angelesera doa hiru hilabeterako, ikasketak burutzera. Durangokoa izango du bueltatu bitarteko azkeneko kontzertua.
Durangaldeko musika eszenagaz beste harremanen bat ere badauka Gozategik.
Bai. Durangoko eta Zornotzako bandetan jotzen dute Iñigo eta Joseba gure taldekideek.
Hamabost urteotan igarri duzue plazako giroa hoztu denik?
Egia esanda, gu harro egon gaitezke saio oso politak atera izan zaizkigulako, eta, gehiago edo gutxiago, jendea beti etorri izan zaigulako kontzertuetara. Orokorrean, oraingoak baino sasoi eskasagoak igaro ditugula esango nuke. Jende gutxirekin ere kontzertu politak egin izan dira. Talde batzuk desagertu ere egin diren arren, urteotan trikitiak nortasuna irabazi duela esango nuke.