Sahararen alde batuko dute dirua aurtengo Lilakrosean

Anboto 2011ko mar. 3a, 09:41

Iaz Lilakroseko kamisetak saltzen hasi ziren Haitiko lurrikaran kaltetutakoei laguntzeko. Aurten, berriz, aldarriak elkartasunagaz uztartuko dituzte, eta Saharako kanpamenduetan bizi direnei bideratuko diete dirua.

Iaz Lilakroseko kamisetak saltzen hasi ziren Haitiko lurrikaran kaltetutakoei laguntzeko. Aurten, berriz, aldarriak elkartasunagaz uztartuko dituzte, eta Saharako kanpamenduetan bizi direnei bideratuko diete dirua. Lilakrosak beste behin lila kolorez jantziko ditu Durangoko kaleak. Aurten seigarren biderra egingo du berdintasuna aldarri dutela osatzen duten lasterketak. Baina Durangoko kaleetan zeharrekoa ez da aurten osatuko duten bide bakarra; beste bide batean ere aurrera jarraituko dute; elkartasunaren bidean, hain zuzen ere. Izan ere, iaz kamisetak Haitiko lurrikaran kaltetutakoen alde saldu bazituzten, aurten Saharako kanpamenduetan daudenei laguntzeko erabiliko dute dirua. Baina ez dituzte kamisetak salduko. Banatu egingo dituzte iaz arte egiten zuten moduan, eta gura duenak dohaintzan emandako dirua jasoko dute. Bertan egongo dira hainbat familia saharaui ere, ekimenari bultzada ematen. Martxoaren 13an, 12:30ean, Ezkurdi Plazan hasi eta Santa Anan amaituko da lasterketa. 17 tramutan zehar hainbat elkarteren artean erreleboka eroango dute testigua, eta aurten, nobedade moduan, Berdintasun Kontseiluak lehenengoz eramango du; eurek hasiko dute lasterketa Ezkurdin. Muruetatorreko auzo elkarteak ere estrainekoz jasoko du testigua: gainerako tramuetan honako elkarte edo taldeak izango dira protagonista: Izar Gaztea, Uztai taldea, Landako ikastetxeko gurasoen elkartea, DRTko emakumeen taldea, Errotari, Nevers ikastetxeko gurasoen elkartea, San Antonio Santa Rita ikastetxeko gurasoen elkartea, Tabirako, Txoritxo Alai, Jappoo, Bat Eginez, Durangaldeko Ahotsak, Plataforma Feminista eta emakume saharauiak.

Erakusketa Andragunean

Ekimen horiez gainera, martxoak 8-18 bitartean ESBNri (Emakume Saharauien Batasun Nazionala) buruzko erakusketa egongo da Andragunean. Bertako emakumeek bizi duten egoera islatu gura dute erakusketan. Erakundea 1974an sortu zen, Saharako emakumeen eskubideak defendatu guran. Gainera, 2011ko apirilean zehar ESBN-ak bost urterik behingo batzarra burutuko du kanpamenduetan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!