Gu ere lakuko ekimena aurkeztu dute Durangon. Auzolanean egingo dute elkartasun jaialdia; batutako dirua Herri Urratsera bideratuko dute.
Gu ere lakuko ekimena aurkeztu dute Durangon. Auzolanean egingo dute elkartasun jaialdia; batutako dirua Herri Urratsera bideratuko dute.
Iparraldeko ikastolen jaialdiak emaitza eskasak izan zituen joan zen urtean, eta Seaskak laguntza deia egin zuen egoeraz larrituta. Bada, aurten maiatzaren 8an ospatuko da Herri Urrats, eta dagoeneko hasi dira mugitzen elkarte eta eragileak berau indartzeko asmoz. Eguaztenean egin zuten egitasmoaren aurkezpena Berbaro, Di-Da, Kurutziaga Ikastola, Plateruena eta Anbotoko ordezkariek.
Laku bat munduan da aurtengo Herri Urratsen leloa. \"Euskaldunoi begira, geure burua baieztatzeko, euskaltzale erdaldunei gonbidapena egiteko, eta instituzioei ofizialtasun eskea egiteko\" sortu dute lema. Horri lotuta, Gu ere lakuko ekimena prestatu dute elkartasunez. Egun osoko jaialdia izango da hurrengo zapatuan Plateruenean burutuko dena. Txartelak bertan ipiniko dituzte salgai, eta pailazoen emanaldikoak Berbaron ere eskuratu ahal izango dira.
Bolondres eta laguntzaileak
Platerueneko sukaldari, teknikari eta zerbitzariek; Berbaro elkarteko hezitzaileek; Ikastolako gurasoek; bertsolariek; Pirritx eta Porrotx pailazoek; ardo katako partaideek eta Anbotokideek boluntario modura egingo dute lan egun horretan. Kanpaina orokorreko irudia Di-Da komunikazio enpresak egin du, eta abestia Berri Txarrak taldeak, auzolan sen beragaz.
Horretaz gainera, ekitaldia gauzatu ahal izateko hainbat entitatek eskaini du laguntza: Kalitatea Fundazioa, Lakuntza Soinu eta argiztapenak, Cruz Campo, Cafés Baqué, Launa Upategia eta Coca-Cola.
[img]http://www.anboto.org/images/8900/8929/1.jpg[/img]